‘Euskara Aurrera’ manifestaziora joateko deia

Mobilizazioa babestu duten herritarren agerraldia, Donostian.

Gazte Euskaltzaleen Sareak deituta, zapatu honetan Euskara aurrera manifestazioa egingo da Donostian, 17:30ean, Antiguoko tuneletik abiatuta. Euskalgintzako dozena bat eragilek ere bat egin dute mobilizazioarekin, tartean, Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak ere bai, euskararen normalizazio prozesuak bultzada eta belaunaldi  berriak behar dituela argudiatuta. Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak ere dei egiten die herritarrei zapatuan Donostiara joan daitezen. 

Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek duela egun batzuk idatzitako iritzi artikuluan azpimarratu zuen hitzordua: “maiatzaren 21ean Gazte Euskaltzaleen Sareak bultzaturiko “Euskara aurrera” manifestazioan elkartuko gara Donostian, gazteek erakutsi duten aktibazio-nahia sustatuz”.

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak ere bat egin du euskalgintzako eragileen deiarekin eta Soraluzeko euskaltzaleak animatu nahi ditu Donostiako manifestazioan parte hartzera. Egun horretan, garraio publikoa baliatu nahi izanez gero, Soraluzetik Donostiara joateko autobusak, besteak beste, 12:55ean eta 15:55ean pasatuko dira Zubi Nagusitik (kontsultatu ordutegiak Pesa.net atarian). Pil-pileanek jakin duenez, ohikoa da zapatuetan Donostiarako autobusak bete samartuta joatea eta horregatik, komeni da bidaia txartela aurrez erostea online zerbitzuan.  

Adi! Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimendu osoarentzako mezua, euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldi horrentzako mezua👇🏽