Euskaraz azkar ikasteko ikastaro pilotua herrian

Izena udaletxean eman behar da.

Urrian hasi eta urtarrilera bitartean, euskaraz ikasteko Uler-saioak metodologia berritzailea testeatzeko ikastaroa egingo da Soraluzen. Ikastaroa euskaraz ezer ez dakiten pertsonei zuzenduta dago eta helburua da pertsona horiek denbora tarte oso laburrean euskaraz ulertzeko gaitasuna eskuratzea, ondoren kaleko harremanetan euskaraz egin ahal izan dezaten, edo, behintzat, elkarrizketa elebidunak izateko gai izan daitezen.

Uler-saioen metodologia diseinatuta dago 60 ordutan o maila duen ikasleak A1 maila eskura dezan. Pentsatua dago irakasle baten laguntzaz ikasgela batean garatzeko, ikasleari ahozko esaldi sinple eta ulergarriak esanez. Ikasleak ez du euskaraz berba egin beharko, metodoak ez baitu berbetarako gaitasuna lantzen, ulermena baizik.

8 plaza

Ikastaroan 8 herritarrendako lekua dago eta izena emateko epea datorren astelehenean (irailaren 13an) amaituko da. Interesik izanez gero, izena Udaleko harreran eman behar da (943753043). Matrikula debalde da.  

Proba pilotua

Uler-saioen metodologia Soziolinguistika Klusterrak eta EHU/UPV-k abiatu dute eta beronen efizientzia frogatzeko proba pilotuak garatuko dituzte. Soraluzeko Udalak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak bat egin dute ekimenarekin eta proba pilotu horietako batean parte hartzeko aukera eskainiko diete soraluzetarrei.