Errigora

Errigorako saskiak eskatzeko epea zabalik azaroaren 12ra arte

Hemen da berriz Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Azaroaren 12ra arte, hiru saski izango dira aukeran: beltza (betikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia). Beti bezala, hauen balioaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da. Eskatu zure saskia errigora.eus webgunean.  

Eskaerak eskuz egin nahi izanez gero, berriz, Errigorako fitxak eskuragai dituzu Iratxo goxodendan, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartean eta Arrano Tabernan. Dena den, antolatzaileek eskatu dute ahal izanez gero eskaerak zuzenean webgunetik bideratzeko, kudeaketa lanak errazte aldera.

Elkartasuna AEK, Seaska eta Sortzenekin  

Aurten, pandemiak eragindako egoera dela eta, Errigoraren antolakuntzatik elkartasuna biderkatu nahi dute eta saski bakoitzeko 5 euro gehigarriren truke Korrikaren katilua (beltzarekin), Seaskaren egutegia (berdearekin) edo D ereduaren haziak (zuriarekin) jasoko dituzu. Aparteko diru-ekarpen hau zuzenean AEK-ri, Seaskari eta Sortzeni bideratuko zaie, Korrika, Herri Urrats eta Sortzenen jaia ez egiteak eragindako galerak arintzen laguntzeko.