Berbalagun egitasmoan parte hartzeko bigarren izen-ematea zabalik

Dagoeneko zabalik dago Soraluzeko Berbalagun egitasmoan izena emateko aukera eta zabalik izango da otsail amaierara arte. Gaur egun 23 herritarrek parte hartzen dute mintzapraktika egitasmoan, astean ordubetez elkartzen dira euskaraz egiteko. 

Astean zehar batzen diren hiru taldeetako baten parte har liteke edo, bestela, talde berria sortzeko aukera ere badago. Berbalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, 16 urtetik gorakoa izatea, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira. Egitasmoan parte hartzeagatik ez da ezer ordaindu behar. 

Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi baduzu, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen bulegora jo dezakezu, edo, bestela, 943 75 13 04 telefonora deitu edo sara@pilpilean.eus e-postara idatzi. Euskaltegian edo Udalean ere jaso dezakezu informazioa.  

7.000 pertsona

Euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko apuntatzen dira herritarrak mintzapraktika egitasmoetan. Izena eman, erronka berriari heldu eta komunitatearen parte sentitzen dira; harreman sarea sendoa eta iraunkorra da. Gaur egun 22 herrialde desberdinetan 7.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte mintzapraktika egitasmoetan.