Hizkuntza aniztasunaren aldeko Auzoko jaia Aretxabaletan

Aretxabaletan egin zuten zapatu goizean Euskaltzaleen Topaguneak sustatzen duen Auzoko egitasmoaren VI. jaia. Bertan, Soraluzeko Auzoko egitasmoko kideek ere parte hartu zuten Oñati, Arrasate, Gasteiz eta Eskoriatzakoekin batera. 

Maroko, Ukrainia, Sahara, Euskal Herria, Afganistan, Pakistan, Paraguay, Iran, Honduras, Euskal Herria, Espainia.... herrialde horietako guztietako jendea elkartzea lortu zuten zapatuan Aretxabaletan, Soraluze, Aretxabaleta, Oñati, Arrasate, Eskoriatza eta Gasteizko Auzoko taldeetan parte hartzen dutenak.

Eguna hasteko, kanpoko taldeei harrera egin zieten aretxabaletarrek, eta ondoren kalejiran joan ziren Herriko Plazara. Han ongietorri hitz batzuk esan zituen Aretxabaletako Auzokoren dinamizaitzaile Paloma Martinezek; Euskaltzaleen Topaguneko presidente Elena Lakak; eta jarduneko kultura zinegotzi Aitor Gabilondok; eta Martin Berrizbeitiak bertso bat bota zuen.

Denek batera Mursegok eta Oiongo herriak sortutako Habibi maitea. Tala al badru alaynakantua abestu eta gero, ederki asko eta umore onez jardun zuten antolatutako dinamiketan. Behin hori bukatuta, mokadutxoa egiteko aukera ere izan zuen hala gura izan zuenak, izan ere, beste herrietatik joandako taldeek munduko hainbat txokotako jakiak eroan baitzituzten. Azkenik, jaiari amaiera emateko, dantzaldi animatua egin zuten bertako eta kanpoko musikarekin batera. Horrez gain, henna egiteko eta tea hartzeko txokoak ere jarri zituzten.

Euskara elementu komun

Jaian parte hartu zutenak zein antolatzaileak gustura agertu ziren festaren emaitzarekin. Euskaltzaleen Topaguneko aniztasun teknikari Jurdana Martinek, egon zen jatorri nahasketa azpimarratu zuen: "Gure herriak  gero eta anitzagoak dira; lurralde, kultura eta hizkuntza ezberdinetako jendea dago eta polita da gu denok elkartzeko guneak eta uneak sortzea. Guk denok konpartitzen dugun elementua bada euskara; hala, elkartzen garenean euskara sustatzen dugu, baina baita beste kultura eta hizkuntza batzuk balioan jarri ere".  

Aurten, Soraluzetik 2 auzotar joan ziren Aretxabaletako jaira. Pil-pilean Euskaltzeen Elkarteko Maialen Elizburuk azaldu digunez, ikasturtean zehar, Soraluzeko Auzokoren lagun saio eta ekimen osagarrietan (Har r eman saioak) 20 auzokidek (euskarara gerturatzen ari direnak) eta 4 auzotarrek (euskaraz dakitenak) parte hartu dute, hainbat jatorri eta hizkuntzatakoak: Maroko, Salamanca, Sahara, Pakistan, Euskal Herria eta Dominikar errepublikakoak. Hain zuzen, pertsona horien arteko elkarlana, elkartrukea eta elkar ezagutza bultzatu ditu Auzokok.