Herrigintza tradizio luzea dugu gurean. Hizkuntzaren aldeko borroka komunitatearen garapenerako tresnak sortzera bideratzen asmatu izan dugu. Orain, hizkuntza komunitate modura ditugun desafioei erantzuteko momentu erabakigarrian gaude. Euskaraldia kate luze baten katebegi izateko jaio da; biziraupenaren aldeko borrokan egotetik garapenean dagoen komunitate bat lortzera bideratu nahi dugu. Beste egitasmo askorekin batera nahi genuke Euskaraldia.
Herriz herri euskaldunok ahalduntzeko hedatu diren ekimenetan du oinarria Euskaraldiak. Bestela esanda, euskaltzale askoren erabaki pertsonal eta kolektibotik dator. Gutxiengo izatearen konplexuak alde batera utzi, eta euskaraz bizitzeko nahia beren bizitzan praktikara eramateko erabakia hartu dute milaka lagunek jadanik (Agurainen, Egian, Lizarran, Baionan, Arrigorriagan,...). Inguruko harreman sareetako hizkuntza portaerak aztertu, eta inertziaz bestelako hizkuntzatan dituzten harremanak euskarara ekartzeko hautua egin dute; eta hautua praktikara eraman. Hau modu kolektiboan egitea erabaki dute, denek batera, elkar babestuz eta mezu bateratua zabalduz: gu euskaraz bizitzera goaz! Horretarako, Euskal Herrian hedatzen ari den errealitatea baliatu dute: gero eta jende gehiago da euskara ulertzeko gai. Hau ez da ekimen sinboliko bat, ohiturak aldatu eta harremanetan inertziak apurtzeko ariketa sozial praktikoa da.
Mugimendu herritarra izan da hau eta aurrerantzean ere horixe izango da Euskaraldia: herritarren eragiletzan eta aitzindaritzan oinarritutako ekimena. Ehunka boluntario eta aktibista ari dira jadanik lanean herriz herri, euskaltzaletasunak batuta eta hizkuntzarekiko konpromisoa ipar modura hartuta. Sarea zabaltzen ari da eta ahalduntze hau da hizkuntza komunitatearen etorkizunaren berme nagusia.
Eta zein da erakundeen funtzioa guzti honetan? Babestea, herritarrek martxan jarri dugun dinamika honi babes neurriak gehitzea. Era guztietako erakundeak batu nahi izan ditugu Euskaraldira. Euskalgintzan ari garenon eta erakunde publikoen arteko aliantza argi bistaratu da, baina gizartean eragina duten gainontzeko entitate guztiak ere interpelatu nahi ditugu: erabilerarena ez da norbanakoen kontu hutsa, erakundeek espazio horiek babestu eta euskararen erabilera bultzatzeko testuinguruak sortu behar dituzte. Horregatik, erakundeen funtzioa ez da ekimenari atxikimendua ematea soilik, inguruan eragin eta praktika sozial berriak sortzeko ardura ere eskatzen zaie.
Beste helburu bat ere badugu: euskalgintzatik nekez heldu izan garen gizarteko sektoreetara heltzea. Auzi hau ez da euskaltzale aktiboen kontua bakarrik. Era guztietako entitateak nahi ditugu horretan bidelagun.
Eta, hau, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan batera. Aspaldiko urteetan gutxitan ikusi dugun zerbait da, lurralde guztietako euskaltzaleak eta erakundeak batera, norabide berean, lanean. Herriz herri hedatzen joan diren ekimenek orain arteko mugak gainditzeko gaitasuna erakutsi dute. Euskal Herri osoan proposamen baten bueltan hainbat lagun gogoz lanean ikustea handia da!
Iker Martinez de Lagos
Euskaltzaleen Topaguneko kidea