Bizikidetzaren zaporea eta kolorea izan du Auzoko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Unamuno 2017ko mai. 8a, 07:09

Auzoko jaiaren laugarren edizioa izan zen zapatuan Antzuolan ospatu zena. Auzoko egitasmoaren berri ematearekin batera, elkarbizitzan euskarak duen garrantzia goraipatzeko eguna ere izan zen. Bertan izan ziren Soraluzeko Auzoko egitasmoko hainbat kide ere. Argazkiak: Imanol Gallego / Goiena.eus.

Egunari hasiera eman zion ongietorri ekitaldiak argi erakutsi zuen aniztasun eta bizikidetzaren aldeko festa izango zela zapatukoa, izan ere, hasierako mezua sei hizkuntzatan zabaldu zuten Antzuolako udaletxeko balkoitik. Jatorria gutxienekoa zen, elkarrekiko errespetu eta jakinminarekin batera, euskaraz egiteko gogoa izatea ziren festa parte hartzeko baldintzak. 

Aniztasunaren jaia

Hasierako ekitaldiaren ostean, antolatzaileek herritarrak elkar ezagutzeko dinamika dibertigarriak jarri zituzten martxan. Handi zein txiki, guztiak, animatu ziren jolasetan parte hartzera, eta apurka-apurka lotsa galtzeaz gain, elkarren izenak, ohiturak eta hizkuntzak ezagutzen hasi ziren.  

Jolasak bukatu bezain pronto, Antzuolako plaza mundu osotik ekarritako jaki gozoen feria bihurtu zen, eta bertaratu ziren guztiek jatorri ezberdinetako janaria dastatzeko aukera izan zuten.

Tripa ongi bete eta gero, Antzuolako Oñarin dantza taldeko kideek izan zuten dantzaldi parte-hartzaileari hasiera emateko lana. Lehen uneetan jendea lotsati samar bazegoen ere, laster ekin zioten polka dantzatzeari. 

CC lizentziari esker Goiena.eus-etik ekarritako albistea. Jatorrizkoa hemen