Berbalagun moduan egindako ibilbideari aitortza

Ander Epelde, Enkarna Arrizabalaga, Michaela Weinberg, Marije Iparragirre eta Arrate Illaro (Topaguneko ordezkaria).

Soraluzeko Berbalagunean hasiera hasieratik parte hartzen duten hainbat herritarrek omenaldia jaso zuten joan zen zapatuan Atarrabian (Nafarroa) ospatu zen Mintza Egunean. 

Jaki eta edariz betetako kaxa eta Euskal Herri osotik batu ziren berbalagunen aitortza jaso zuten Euskal Herriko Euskalzaleen Topaguneak antolatutako ekitaldian. 

Bederatzi urteko istoria berbatsua

“Orain dela 9 urte hasi ziren batzen Txoko tabernan Michaela Weinberg, Maite Narbaiza eta Enkarna Arrizabalaga Pil-pilean Euskara Elkarteak martxan jarritako Berbalaguna egitasmoaren baitan. Geroxeago batu zen Pilar Espiga taldera eta bere goxotegian elkartzen hasi ziren. Beranduago elkartu zitzaizkien Araceli Maiztegi Abarrategi eta Mari Karmen Zarrabe ere.

Enkarnak Arantzazuko egutegia eramaten zuen bertako txisteak, esamoldeak eta kontuak konpartitzeko. “Nahikua komeria egiten genduzen Michaelari eta Piliri azaltzeko” dio Maite Narbaizak.

Pasiatzera ere joan izan dira giro onarekin Ezozi aldera, Michaelaren semea ere lagun hartuta.

Gaur egun, eguneroko kontuak kontatu, bizipen zailetan babesa eman eta urtebetetzeak ospatzen dituzte, eta berba-taldeak txoko goxoa du bakoitzaren bizitzan.

Merezitako omenaldi xumea da gaurkoa, hainbat urtetan garatutako jardunak bere furitua eman duela gogorarazteko eta egindako ibilbidea ospatzeko.

Bejondeizuela! “

Zapatuko omenaldian egindako ibilbidea gogorarazteko irakurritako testua.