Karakate Eguna antolatu dute martxoaren 16rako, eolikoen proiektua baztertu egin dutela ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Karakate Bizirik 2024ko mar. 1a, 10:16

Karakateko zentral eolikoaren proiektua bertan behera geratu izana herri osoaren lorpena izan dela adierazi dute Elgoibarko Karakate Bizirik plataformatik, eta hori ospatzeko asmoz, Karakate Eguna antolatu dute martxoaren 16rako. 

Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira, herriko beste eragile eta elkarte batzuekin, eta oraindik ekintza guztiak lotu ez badituzte ere, egunean zehar izango diren hainbat kontu aurreratu dituzte: goizean haurrentzako jolasak izango dira Kalegoen Plazan, eguerdian jai giroa herriko kaleetan, ondoren bazkari herrikoia Maalako parkean, eta iluntze-gau partean musikak hartuko du Maalako eremua. 

Bazkaritarako tiketak

Bazkaritarako tiketak salgai daude Tantakan, Jai Alain, Lanbroan eta Txillarren. Hiru menu daude aukeran: arrunta (20 euro), begetala (20 euro) eta haurrentzako menua (10 euro). Martxoaren 10era arte egongo da txartelak erosteko aukera.