Gonbidapena: Elosutik Zizurkilera, Gipuzkoako Mendiak Aske

Erabiltzailearen aurpegia Karakate Bizirik 2023ko urr. 8a, 11:56
Zizurkilgo topaketaren kartela.

Gonbidatu nahi zaitugu datorren urriaren 22an, Zizurkilera, Gipuzkoako Mendiak Aske mugimenduak bertan egingo duen topaketara. Eguerdian izango den bertso-saioan ireki nahi dizugu paisaia zabala erakusten duen leihoa, bertsotan hemengo eta hango energiaz hausnartzeko aukera, zabal eta patxadaz. Ondorengo herri bazkarian eta abarretan beste giro bat sortuko da –atsegina hau ere–, eta indarra bilduko dugu hurrengo urtean ere hemen egoteko. Oharra: Bertso saiorako eta bazkarirako sarrerak salgai daude Soraluzen: Arrano Tabernan eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartean. 

Konturatu orduko urtebete pasa da Zumarragako lehen bilera hartatik. Gehienok ez genuen elkar ezagutzen eta, hala eta guztiz ere, gai izan ginen elkarrekin, bakoitza bere herritik, Elosun gertatuko zena irudikatzeko eta elikatzeko. Komunikazioa, autobusak, kartelak, ordutegiak, agerraldia, nork zer esan, pintxoak, bazkaria, musika...

Elosukoa ez zen Elosun bukatu. Belardi handi hartan osatu genuen aerosorgailuaren bueltan ziren hitzek, irrintziak eta emozioek ekarri gaituzte hona han ginenok: orduan josi genuen sarea ez dela desegin esatera. Are gehiago, pertsonek osatutako haize-errota belarditik at zabaldu zen bezala, gure sarea ere zabaldu egin da.

Ez pentsatu, ordea, sarea berez zabaldu dela, pagoek beren adarrak luzatzen duten maneran. Makroproiektu energetikoen mamuek eta elkartasunak zabaldu dute Gipuzkoako Mendiak Aske; eta Gipuzkoan bezala, gainontzeko lurraldeetan.

Urtebetean asko ikasi dugu, eta sareak egituratzen duen hari bakoitzaren jabe egin gara, argi dugulako sarerik gabe are babesgabeago egongo garela, tsunami elektriko honen aurrean.

Gure arteko babesa baino ez dugu

Babesgabetasunaren zuntzak gure sareari, gutxienez, lau hari eskaintzen dizkio: ez dugu ezagutzarik; denboraz ere, larri gabiltza; diruaz zer esan; eta lege eta arauak beste batzuenak dira. Indartsua da babes ezak gure arteko sareari eskaintzen dion lehengaia. Gure arteko babesa baino ez dugu. Batzuei lehenago iritsi zitzaien mehatxua, lehenago murgildu behar izan zuten lege eta arauen itsaso arrotz horretan, eta alegazio epeek eta burokraziek ezartzen dituzten itsasaldien aginduetara mugitu.

Sarea izango bada, zeharrera zabalduko diren hariak ere behar ditugu, eta babesgabeziari korapilatu, elkarri eutsiko badiote. Herriz herriz diren mehatxuetatik ikasi dugu gainontzekook.

Ondokoaren porrotak adi jarri gaitu, eta bere pozak aurrera egiteko indarra eman digu. Hilabetez hilabete konpartitu ditugun urrats legalez gain, bizi dugun honek sortzen dizkigun ezinez, kezkaz eta nekeaz hitz egiteko espazioa ere aurkitu dugu. Izan ere, beste borroka batzuetan bezala, hasieratik jabetu ginen lurraldearen defentsa honi heldutakotan, ultra trail horietako batean sartuta ginela: gogorra eta luzea. Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, hemen ere ezinak hartzen zaitu eta behar duzu baten bat tira egingo duena, atsedena hartzen duzun bitartean; edo zure malkoak jaso eta xukatuko dituen laguna.

Sarearen ertzeko soka sendoa, egonkortasuna eta indarra ematen duena, lurraren eta gure seme- alaben etorkizunaren defentsan ari garen konbentzimenduak ematen digu. Badakigu ongi ari garela –gure gabezi guztiekin–, gure borroka bidezkoa bezain beharrezkoa dela, gazteek eta euren ondorengoek etorkizunik izango badute.

Gizarte honek ez du eskubiderik umeen eta gazteen bizitzak ezinezkoak egiten dituen sistema ekonomikoa elikatzen jarraitzeko

Gizarte honek ez du eskubiderik umeen eta gazteen bizitzak ezinezkoak egiten dituen sistema ekonomikoa elikatzen jarraitzeko. Gero eta ageriagoa da makroproiektu horien helburua ez dela naturaren eta bizitzaren zaintza, baizik multinazional, inbertsio-funts eta gainontzeko tiburoien interesen zaintza.

Sinestarazi nahi digute itsasoa, mendiak eta soroak industrializatuz hobeto biziko garela, zoriontsuagoak izango garela. Ez digute esaten, ordea, haiek gabe ez dagoela jaterik, ez dagoela arnasterik, ez dagoela pozik, ez dagoela, azken finean, bizitzerik. Ez digute esaten ekosistema horietan guztietan bizi direnen beharra dugula, gure babesa direla; ez garela ongi biziko horiek guztiak desagertuz gero. Hau da, elkarrekiko mendekotasuna dela bizitzaren araua.

Itsaso, mendi eta soro gabe ez dago jaterik, ez dago arnasterik, ez dago pozik, ez dago, azken finean, bizitzerik

Elkarrekin eman dugun urtebete honetan, Gipuzkoako Mendiak Aske osatzen dugun taldeetan, ezinek bere horretan jarraitzen duten arren, sentitzen dugu badugula zer ospatu –bidea gozo-gozoa izan ez den arren– eta badugula zer eskaini gure jendarteari. Horregatik, gonbidatu nahi zaitugu datorren urriaren 22an, Zizurkilera.

Eguerdian izango den bertso-saioan ireki nahi dizugu paisaia zabala erakusten duen leihoa, bertsotan hemengo eta hango energiaz hausnartzeko aukera, zabal eta patxadaz. Ondorengo bazkaria eta abarrek beste giro bat sortuko dute –atsegina hau ere–, eta indarra 
bilduko dugu hurrengo urtean ere hemen egoteko.