Estaziñoko parke berria; jolasteko gune bat baino askoz gehiago.

Erabiltzailearen aurpegia Hezkuntza Proiektua 2018ko ots. 5a, 11:11

Ostiral arratsaldean, eguraldiak baldintzatuta izan bazen ere, giro ederrean inauguratu genuen Estaziñoko jolas parke berria. Azaldu zen bezala, parke hau parte hartze prozesu luze baina arrakastatsu baten ondorioa da eta prozesua bera zein parkearen atzean dagoen filosofia ezagutarazteko, ondorengo testua irakurri genuen talde eragileko kideok. Bide batez, azken hilabeteetan Hezkuntza Proiektuko Haurren Herriari Ekin egitasmoaren bueltan lanean aritu garenok, eskerrak eman nahi dizkiogu, modu batera edo bestera, proiektuan parte hartu duen herritar orori.

“Heldu da Estaziñoko parkean jolastu ahal izateko eguna!” Esaldi honekin hasten zen parkearen inauguraziora etortzeko egin genizuen gonbidapena, eta beno, badirudi pixkat gehiago itxaron beharko dugula. Hori dauka parke bat elementu naturalekin eraikitzeak. Azkenean, elementu naturalak sartu eta sartu, euriak, hotzak eta edurrak ere parte hartu nahi izan dutela. Ez ahaztu naturak eman dizkigula parkea eraikitzeko erabili ditugun elementuak, beraz orain ez gara lau tantagatik haserretuko!

Baina parke berri honek badauzka beste zenbait ezaugarri. Parte hartze prozesuak “Jolasaren Estaziñua” izena hartu bazuen ere, ez da geltoki bat izan, ez gara geldirik egon, eta horri eskerrak, orain bidaia hasteko prest gaude, “Jolasaren bidaia.”  Bidaia diogu mugimendua nahi dugulako, jolas askea eta librea, eta parke berri honek hau ahalbidetuko duela uste dugu, ez baitira erabilera bakarra eskaintzen duten egitura zurrunak.

Parke berrian, haur bezain beste jolas asmatzea espero dugu, guztiok ezberdinak eta bakarrak garen heinean, jolasten ere hala garelako eta bakoitzaren berezitasun horiek guztiontzako dira aberasgarriak! Neskak gara, mutilak gara, batzuk argalak eta beste batzuk sendokoteagoak. Batzuk betaurrekoak daramatzagu, beste batzuk ilehoriak gara eta beste batzuk beltzaranak. Batzuek txorixo pamplona bokadiloa dugu gustoko eta beste batzuek berriz patata tortila. Batzuek etxean urduz hitz egiten dute, beste batzuek amazigeraz edo gazteleraz. Baina guztiok daukagu jolasteko egundoko gogoa eta ez dugu inork nola jolastu behar dugun esaterik nahi halakoak edo bestelakoak izateagatik. Eta guztiok batera euskeraz jolastu dezakegu!

Jolasa ez delako gabonetako katalogoetan saltzen den zerbait; mundua ezagutzeko, bertan bizitzeko eta berau ikusteko modu bat delako, eta beraz, haur batek egin dezakeen gauza garrantzitsuenetarikoa jolastea delako. Jolasa hekuntza da. Jolasten barre egin dezakegu, baina baita negar ere. Salto egin dezakegu, korrika egin, prakak zikindu, arriskuak bilatu, gure mugak frogatu…  Baita erori eta min hartu ere. Lagun berriak egin ditzakegu bai, baina lagunekin haserretu ere egiten gara. Eta zer dauka horrek txarra? Jolasten ari garenean, ikasten ari gara; emozioak kudeatzen, beste batzuekin harremantzen, gure gaitasunak garatzen etab. Guztia ez da beltza edo txuria. Ados, enbor bat enbor bat da, baina zaldi bat ere izan daiteke, edo espazio ontzi bat, edo pantera beltz batek oihana zaintzeko aukeratu duen arrama, edo Everest baino mendi altuago bat. Edo… Gure buru irudimentsu honek imaginatu dezakeen edozer gauza!  

Edozer gauza, bai! Edozer egin daitekeelako auzolanean. Eta parkea eraberritzeko prozesu partehartzaile honetan nortzuk izan dira ba protagonista? Ba herriko haur eta gazteak, zalantza barik. Argi daukagu haurren ikuspegitik eraikitako herria guztiontzako herria dela eta gainera… Nola egingo dugu ba haurrentzako zerbait beraiei galdetu gabe? Beraien iritzia jakin gabe? Ba galdetu genien bai, eta Kukumixoko lagunak beraiekin bildu ginen ludotekan, gaztelekuan, eskolan, zein kalean. Haurrei eman genien hitza eta haurrek argi erantzun dute. Ezagutu ditugu haien beharrak, ideiak, nahiak eta ametsak. Eta amets horietako bakoitzean parke ezberdin batean jolastu dugu, guztiak zoragarriak! Azkenean, Estaziñoko parkea eraberritzeko proposamen zehatza egin genuen, parkea bakarra, baina jolasteko eta irudimenari ateak zabaltzeko milaka modu! Eta noski, guraso eta helduekin ere partekatu ditugu ideiak, zalantzak eta batez ere ilusioa!