Parkea eraberritzeko prozesua martxan jarri genuenetik ona denboratxo bat pasa da, baina ez gara geldirik egon, ez horixe! Haurrei eman genien hitza eta haurrek argi erantzun dute. Ezagutu ditugu haien beharrak, ideiak, nahiak eta ametsak. Eta amets horietako bakoitzean parke ezberdin batean jolastu dugu, guztiak zoragarriak!
Azkenean, Estaziñoko parkea eraberritzeko proposamen zehatza egin genuen, parkea bakarra, baina jolasteko eta irudimenari ateak zabaltzeko milaka modu! Eta noski, guraso eta helduekin ere partekatu ditugu ideiak, zalantzak eta batez ere ilusioa!
Orain parkeari bizitza emateko unea da, jolasteko unea, barrez lehertzeko unea, eta nola ez, berau zaintzeko unea. Estreina dezagun beraz parkea! Ostiral honetan, arratsaldeko 17:00etan inauguratuko dugu jai giroan eta guztiok gaude gonbidatuta, baita Porrotx ere! Ziur primerako arratsaldea pasako dugula!