Jende gutxitxo gerturatu bazen ere (6 pertsona), honek saioa maila pertsonaletik bideratzea ekarri zuen eta azalpen teorikoak hurbildutakoen zalantza eta esperientziekin uztartu ziren. Saio teoriko praktikoa izan zen, batez ere, saioaren hasieran, gaiaren inguruko zenbait kontzeptu argitu zituztelarik; arretaren dispertsioa, adimen anitzak, garunaren bi hemisferioen orekaren garrantzia etab.
Kontzeptu hauetatik abiatuta, maila praktikoagoko zenbait aspekturen inguruan aritu ginen eta haurren jolas libreak duen garrantzia azpimarratu zen, interferentziarik gabea, epaiketarik gabea eta haurrei gaitasunak garatzen lagunduko diena besteak beste, horretarako ezinbestekoa delarik testuinguru egokiak prestatzea, neurriko mugak ezartzea eta helduek haurrengan konfidantza izatea.
Azalpen eta ideia trukeaz gain, dinamika bibentzialagoak ere proposatu zituzten Aritzeta eta Soroak eta besteak beste, sormena mugatu edo sormena garatzen lagundu dezaketen jostailu txokoetan aritu ginen jolasean, haur eta helduen rol-ak banatuz eta gure jokabide eta sentsazioak aztertuz.
Ondorio argi bezala, saioaren izenburuari erantzuten dion ideia aipatu daiteke, hau da, horrenbeste dira gaur egun haur zein helduek ditugun estimuluak (agendaren zama, bideo jokoak, telesailak, kirol eskaintza…) gure arreta dispertsatu egiten dela eta ezin izaten dugula egiten dugun horretan zentratu eta benetan gozatu, azkenean, hiperestimulazio honetara ohituta bizi garelarik. Horregatik, asperduraren zantzu txikiena agertzen denean, segituan ematen diogu entretenimendu pilula bat. Baina zer gertatuko litzateke benetan aspertzen ausartuko bagina? Hau da, txikitatik aspertzea zer den ikasi eta aspertzeaz aspertuko bagina? Gure barruarekin konektatuko genukeela, gure gaitasunekin, nahiekin eta benetako ezinegonekin, eta modu honetan, egoerari sormenetik erantzungo geniokeela.