Eskola Herritarraren lehen zikloa bere amaierara iritsi da, eskainitako hiru saio horietan harreman osasuntsuak izateko gakoak landu ditugu eta esperientzia kolektibotik ikasten saiatu gara. Urtarrilean egin bezala eta Eskola Herritarraren logikari jarraituz ekainaren 27an 2.asanblada egingo dugu.
Zertarako? Asanbladak bi helburu izango ditu: batetik, orain arte egindakoaren balorazio azkarra egingo da, akatsetatik ikasi eta hobetzen joateko. Bestetik, oporraldi ostean hasiko den bigarren zikloan jorratu beharreko gaien inguruan hausnartuko dugu, ekarpenak bota eta denon artean erabakiak hartzen ditugun bitartean “luntx” goxoaz gozatuko dugu.
Dagoeneko badakigu formazio programa motz geratzen dela edukiak barneratu eta horiek praktikan jartzeko, hori izango da hemendik aurrera izango dugun erronka nagusia. Nola lortu ikasitakoa egunerokotasunean txertatzen? Parte hartu dutenen, zein oraindik animatu ez direnen ekarpenak beharrezkoak izango dira 2.asanblada honetan, horregatik, gonbidapen irekia zabaldu nahi diegu Eskola Herritarrean ikasteko gogoa duten guztiei.
Bukatzeko gogorarazi nahi dugu, haurrentzako zaintza zerbitzua behar izanez gero gurekin harremanetan jartzeko soraluzehezkuntza@gmail.com helbidera idatziz edo 664547367 zenbakira deituz.
Bertan ikusiko gara.