Eskola Herritarra: 3.saioaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Hezkuntza Proiektua 2017ko eka. 9a, 11:28

Atzo arratsaldean egin zen "Harreman Parekideak Berrikusten" izeneko saioan herritarrek beraien ikuspuntuak, iritziak eta zalantzak elkarbanatzeko aukera izan zuten.

Arratsaldeko 18:30ak pasata eman zitzaion hasiera saioari eta 20:30ak arte luzatu zen Antzokian burutu zen ekitaldia. Amaia Agirre ikerlariak dinamizatu zuen saioa eta bertaratutako herritarren ekarpenekin saioa osatu zen.

Sarrera gisa txiki-txikitatik generoaren eraikuntza nola ematen den ikusteko ariketa bat egin zen; ondoren, maitasun erromantikoaren ezaugarri nagusiak azaltzeko adibide praktikoetara jo zuen Amaiak, pelikulak, iragarkiak, abestiak... eta bukatzeko, berak egindako tesiari helduz aipatutakoak bikoteetan nola eragiten duen aztertu zen, hots, etxeko lanak nola banatzen diren, zaintza lanak nola/nork egiten dituen, diru kontuak nola eramaten diren... Behin eta berriz azpimarratu zen orokorrean ematen diren joerak izanik ez direla kasu guztietan egoera berak erreproduzitzen, baizik eta gehiengoez ari garela.

Iritzi ezberdinak entzuteko aukera egon zen eta horrek eztabaida anitzagoa eta interesgarriagoa egin zuen, hala ere, orokorrean Amaiak esandakoekin bat etorri ziren parte hartzaileak. Aurreko saioan gertatu bezala, ikasitakoa egunerokotasunean aplikatzea kostatzen dela eta ohiturak aldatzea ez dela erraza izaten aipatu zen. Hortan hasteko,  "berdinometroa" izeneko ariketa egitea proposatzen bukatu zuen saioa dinamizatzaileak.

 

Hirugarren saio honekin bukatu da Eskola Herritarraren lehen zikloa, eta egindakoaren balorazioa egiteko eta udazkenean egingo den bigarren zikloari begira herritarren ekarpenak jasotzeko, ekaineko azkenengo astean II.asanblada burutuko da. Asanblada irekia izango da, hau da, formazio saioetan parte hartu dutenak zein horretarako aukerarik izan ez dutenak ere ongi etorriak izango dira.