Txusma Azkona: "parkeen atzealdean egon ohi da dibertitzeko aukera gehien"

Erabiltzailearen aurpegia Hezkuntza Proiektua 2017ko mai. 4a, 10:29

Atzo arratsaldean, Antzokian egindako solasaldian, gaur egungo jolas parkeak haurren heziketan nola eragiten duen eta alternatibak nondik etorri daitezkeen azaldu zuen Txusma Azkona irakasleak.

Txusma Azkona urte luzez Lizarrako eskolan irakasle lanetan aritu ondoren, azkenaldian beste proiektu batzuetan murgilduta dago; horietako batean haurren jolasa, eta, "jolas-eremuak" aztertzeko eta horien gainean hausnartzeko aukera izan du.

Parte hartzaileek egungo jolas parkeen, helduen jarreren (guraso, zaintzaile...) eta haurren jolasaren inguruko iritziak elkarbanatuz hasi zen saioa; bereziki, helduek dauzkaten beldurrak aipatu ziren, baita, arazoen haurrean erantzuleak aurkitzeko eta markatzeko jendartean dagoen beharraz ere.

Azken urteetako parkeak "pegote" huts bezala ikusten dira, toki guztietan berdinak dira, kolore biziz margotuak eta lur malguarekin azpian. Herri guztietan aipatu eredua errepikatzen dela frogatua gelditu zen, bankuen kokapen "kontrolatzailea", aldapa gabekoa, adin-tartetan banatuak... Azpimarratu zen, naturako elementu falta dagoela jolas parkeetan eta esperimentatzeko edo jolasak asmatzeko aukera urria.

Estazioko parkeaz ere hainbat ideia entzuteko aukera izan zen. Espazio hori mugatua bada ere, kontuan hartu behar da haurrak ez dutela espazioa helduek bezala ulertzen eta estazioko parkeak ere hamaika aukera eman ditzakeela. Parte hartzaileek behin eta berriz gogorarazi zituzten txikitan helduen zaintza iraunkor gabe bertan jolasean ematen zuten denbora.

"Jolasaren estaziñua" prozesuaren baitan helduentzat egindako lehen deialdia bada ere, haurrekin apirilean hasi ziren parte hartze saioak egiten estazioko parke berria irudikatzeko. Ekainean diseinu bat adostea da helburua eta erabaki ugari haurrek hartuko badituzte ere, helduekin elkarbantzeko eta ekarpenak egiteko beste saio bat egingo da.

 

jolasanestazinua@gmail.com