Hilaren 7an, asteartean, Eskola Herritarraren Asanblada ospatu zen Udaletxeko pleno aretoan, bertaratu ziren herritarrak hurrengo hilabeteetan Soraluzen antolatuko diren formazio saioen inguruan jardun zuten.
Hezkuntza Proiektuaren baitan emango diren formakuntza saioen gaiak zein izango diren erabakitzea izan zen asanbladaren helburua eta gai ugari proposatu baziren ere, honakoak izan ziren interes gehien piztu zituztenak: Elkar bizitza (gatazken kudeaketa), feminismoa eta haurren heziketa.
Hausnarketaren ondotik atera zen erabakia, “formakuntzan gehiago sakontzeko ezin dugu hilabetero gaiz aldatu, hobe da zehar lerro gisa gai bat aukeratzea eta ikuspuntu ezberdinetatik lantzea, gehiago sakonduz”. Eztabaidatu ondoren, errespetua (harremanak) aukeratu zen zehar lerro gisa, hori baita gatazka askoren erroa. Beraz, errespetua ardatz hartuta hurrengo hilabeteetan herritarrei zuzendutako formakuntza saioak eskainiko dira.
Bukatzeko ez zen baztertu interesa izan dezaketen beste gai batzuei aurrerago tartea egitea, hala nola, ekitaldi handietan zaborra nola kudeatu edo komunikazio tresnen erabilera.