Eusko Jaurlaritzarentzat, ondare industriala identitatea gordetzeko kakoa da uniformitatea sahiesteko eta herrien identitatea gordetzeko: “Ikuspegi horretatik, hiri-ondare industrialak zeregin erabakigarria izan behar du krisian dagoen gure gizartean, hiri-esperientzia berrien katalizatzaile gisa eta iraunkortasun-elementu gisa, eta, batez ere, lekuaren memoriarekiko lotura gisa, iragana eta oraina eta etorkizuneko proiektua bat-egiteko”.
Zehazki, Debabarreneko interesgune bat “Deba ibaiaren ardatza Soraluze parean”.
Eta honela azaltzen du: “Soraluzeren kasuan, Deba ibaia, ibai urbano argian bilakatuta, udalerriaren profila marrazten duen ardatz zentrala da. Alde bietara, ezker-eskuin, bizitegi- eta industria-eraikinen lerro jarraia azaltzen da; horrek, pantaila modura, hiri-industria espazioa definitzen du. Ibilguan presen arteko uztardura ematen da, industria-produkzioari lotutako iraganaz mintzo dena: eraikinen eta presen artean mugatutako paisaia-bisuala eratzen dute, eta ihespuntu bakarra ibaiaren ardatza da, berau mugatzen duten eta ibai-ahora zuzentzen duten eraikinek bideratutakoa”.
“Deba ibaiaren inguruko ardatza da. Bertan aurki daitezke tailer txikien eredua adierazten duten fabrikak, tamaina handiagoko beste batzuekin batera. Horiei gehitu behar zaie Deba ibaiaren ardatza bera. Han, oraindik ikus daitezke industriaurreko jatorria duten azpiegitura hidrauliko interesgarrien aztarnak. Lantegi modernoen eraikuntzarako baliatuak izan ziren horiek, eta arrastoak hiri-paisaiaren bilakaeraren lekuko dira egun. Gainera, XX. mendearen bigarren erdian jazo zen langileen etorreraren eta agintariek etxebizitzaren arazoa konpontzeko egindako saiakeraren ikur diren etxebizitza-talde batzuk ditu”.
Industri ondarearen ale hauek nabarmentzen ditu: SAPAko fabrika berria, Pascual Churrucaren lantegia (eraitsia!), Olabarrena, Igareta eta Olea/ Alberdi presak, Txurruken/ Serafín Achótegui eta Calonge etxetaldeak, eta Gabolats (eraisteko!) zein Atxuriko zubiak.
Eta, ederki azpimarratzen duenez, bakarrik Soraluzek gordetzen du presa multzo jarraia: “Energiaren garrantzia azpimarratu behar da, segidako presa eta multzo hidraulikoek erakusten duten moduan; batez ere, Soraluzeren kasuan”. Eta presa hauek “Soraluze udalerriaren egungo irudi industriala konfiguratu dute”.
Eusko Jaurlaritzak nabarmentzen duenez, presa hauek Soraluzeren identitate industriala gordetzeko balio dute, nahiz eta jatorrizko erabilera ez mantendu: “Presen errekadaren irudia Soraluzeko herrigunean gordetzen da gaur egun ere, Olabarrena, Igareta eta Alberdiko presek dirauten tokian. Gaur egun isolatuta agertzen zaizkigu, hornitzen zituzten lantegiak desagertuta, baina, testuingurutik kanpo ere, ibai hiritar eta industrial baten irudia transmititzeko balio dute, ekoizpen-jarduerak etenik ez zuena”.
Azkenik, behin eta berriro aipatzen du identitatea mantentzearen garrantziaz: “Horiek aztertu, babestu, zabaldu, balioetsi eta behar bezala kudeatzeak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-paisaien kalitate handiagoa ekarriko du, paisaia horiek homogeneizatzea saihestuz”.
Debabarrena bailarako paisaia industrialaren karakterizazioa eta balorazioa (Gipuzkoa) jatorrizko txostena irakurtzeko, sakatu hemen.