Merlin proiektua duela 20 hilabete iritsi zen herrira. Hari erantzunez, orduantxe egin zen lehenengo partaidetza prozesua. Herritarren partetik proiektua arrotza dela eta herriarentzat kaltegarria izan daitekeela bistaratu zen.
Idatzi honen bitartez gogorarazi nahi dugu, orduko partaidetza prozesua sortu izan ez balitz, gaur gure ibaiaren egoera oso bestelakoa izango litzatekeela gaur.
Dirudienez, aurrekari horrekiko loturak alboratuz dator orain, Udalak prestatu duen bigarren partaidetza prozesu hau, baina, jakina, Merlin proiektutik aldenduta, egoki eta zilegitasunez abiatu da.
Merlin arloari gaur dagokionez, ez da inon jasotzen proiektu hori non eta zer modutan geratu den. Guzti hori ulergaitza gerta ez dadin, uste dugu herritarrei azalpen zehatza zor zaiela.
Izan ere, Merlin proiektua da presen inguruan sortutako auziaren iturburua, EHUk eta Foru Aldundiak aurkeztu zutena. Jardunaldi haietan bertan sortu ziren herritarren ahotik, alde eta kontrako iritziak. Herriko prentsan ere izan ziren idatzizko partaidetzak. Gainera, egoera haren ondorioz sortu zen GDi taldeak gezurtatu eta azaldu zituen Merlin proiektuak alderdi askotatik zituen okerrak. Baita ibaiari lotutako errealitateei edukiak ere (herriko historia, uholdeak, bertako izaki bizidunak, osasuna…). Plan Orokorrari dagokionez, GDi-k salatu zuen Merlin proiektua bateraezina zela Planarekin. Horrez gain, GDi erreferenduma burutzeko 634 sinadura zeramatzan eskaera sendoa helarazi zion Udalari. Azkenik, harrezkero bidean jorratu duen eskarmentua baliatuz, GDi prest agertzen da gaur ere partaidetza prozesu berri hau aberasteko.
Presen iraupenari dagokionez, lehenengo parte-hartze hura eta gero Udalak Aranzadi Elkarteari eta Ura Ajentziari eskatutako txostenak tarteko, Merlin proiektuak presak eraisteko zuen epeak atzeratu ziren modu onuragarrian. Horregatik esan dezakegu presek oraindik ere tente dirautela ibaian.
Orain, Udalbatza berriak ardatz hartu ditu bai herriko ibaia bere osotasunean eta bai partaidetza prozesua bera ere. Baina ezin duena da Merlin proiektua kajoi batean ezkutatu, azalpen garbirik eman gabe. Jada baliagarria ez bada, behingoz baztertu dezala eskatzen dugu eta herriari aditzera eman diezaiola hala egin duela. Ostera, Merlin proiektuak isilpean badirau, esan daiteke baldintzapean gabiltzala. Europatik datorren finantzaketa (1.123.500 €) eskuratu ahal izateko, presak epe jakin baten barruan eraitsi beharko lirateke (2024).
Herriak eskertuko luke egoeraren azalpen zehatza.