Urte osoan ixikik egon eta gero, martxoaren 1ean Udaleko arduradunek ohar bat eman dute argitara. Bertan egin nahi dutenaren nondik norakoak adierazten dituzte… baina ez da erreferendum-eskabidea aintzakotzat hartzen, inondik inora.
Erreferendum -eskabidea, ehunka herritarren babesa duena, EZ da bideratuko EZ izapidetuko: ezikusia egingo zaio. Hemendik bertatik SALATU nahi dugu jokabide ez-leial eta antidemokratiko hori, oker larria baita.
Lehengo urtean zenbait erakundek (EHU, GFA, Merlin) Soraluzeko herriari, presak eraistea dakarren proposamen bat aurkeztu zioten. Horren aurrean, izan daitezkeen ondorio latzen gaineko kezka larria adierazi zaio Udalari, herritarren erreferendum-eskabide horren bitartez. Udal aginpidedunei ardura hori nola kudeatu beharko luketen ere adierazi zaie. Proposamen hori, izan ere, herriko ibaian kokaturiko ondareari dagokionez, ausarkeria handia izango litzateke.
Presen arazoari dagokionez, duela urte batetik hona Udaleko politikoak ezer ez egiteaz gain ixilik egon dira. Martxoaren 1ean ohar bat eman dute argitara. Bertan alderdien arteko ika-mikak arrazoitzat aipatuz, justifikatu eta zuritu egiten dute arazoaz luzaro arduratu ez izana. Horrez gain, egin nahi dutenaren nondik norakoak adierazten dituzte, herritarrentzat erakargarriak direlakoan. Baina ez da erreferendum-eskabidea aintzakotzat hartzen, inondik inora.
Axolagabeki eta hotz, albotik begira, alderdien bozeramaileek azken hilabeteetan ez dituzte baliozkotzat jo herrian egin diren agerraldi eta jarduerak. Besterik gabe,“proiektuarekiko interesaren erakusgarri” hutsak direla adierazi dute, eta bozeramaileen ohar horretan harrokeria ere ikus daiteke.
Bestalde, ohar horretan honako hau ematen zaigu aditzera: legezko eta bidezko den erreferendum -eskabidea, ehunka herritarren babesa duena, EZ dela bideratuko EZ izapidetuko, ezikusia egingo zaio. Hemendik bertatik SALATU nahi dugu jokabide ez-leial eta antidemokratiko hori, oker larria baita.
Erreferendumik izan ezean, presen gaineko erabakia hartzeko ahalmena Soraluzetik kanpo dauden interes eta erakundeen menpe legoke. Horrexetaz ohartarazi nahi ditugu herritarrak.
Soraluzetarrak gauza dira presen gaineko erabaki zehatz hori hartzeko. Eskabidea hortarakoxe egin da. Gainera, herritarrei eurei bakarrik dagozkie eskubide eta ardura garrantzitsu horiek. Erreferenduma eskatu da, eritzi ezberdina daukaten herritarren parte hartzea bermatzeko, eta azken hitza eurak izan dezaten.
Udal agintariek ezinbestean erantzun behar diote herriko ondarea babesteko betebeharrari, itzulipurdika ibiltzeke. Ixil-gordeka inposaketei bidea eman, eta horren eraginez ondarea apurtzea ez da zilegi. Soraluzeko herriak argi eta garbi adierazi du presen gaineko erabakia berari dagokiola. Nahi eta borondate horiek zokoratu eta ukatzea ez da onargarria.