GoiEner eta Soraluzeko presak

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia

Otsailak 25ean GoiEnerreko bi arduradun Soraluzera etorri ziren, Proiektu Berriak sailekoak biak, Deba ibaiko presak ezagutzeko.

Energia (berriztagarria, noski) berriro ekoizteko aukera politak ikusi zituzten, eta gutxi gorabeherako kalkuluak egingo dituztela agindu ziguten. Eta bitartean, azterketa ekonomikoak egin baino lehen, presak botatzeak ez duela inolako zentzurik adierazi ziguten.

GoiEner 2012.an sortutako euskal kooperatiba da,  %100 jatorri berriztagarriko argindarra merkaturatzeko eta herritarrek osatua (beraien esanetan: Power to the people; hau da, indarra & boterea herriari). Ez dira txikiak, eta bizkor hazten ari dira: 16.889 bazkide, 1.337 inbertsore, 57.316 MWh sortuak guztira, 449 MWh azken astean bakarrik. Gehiago jakiteko, sakatu hemen, merezi du eta!

 

(Oharra. Udalak astean egindako adierazpenek zalantza asko, gehiegi ez esatearren, sortarazten dute; gure iritzia aurki plazaratuko dugu).

Joan zen zapatuan, otsailaren 25ean, GoiEnerren Proiektu Berriak saileko bi arduradunek Soraluze bisitatu zuten, garai bateko eta etorkizuneko ustiaketa hidroelektrikoa ezagutzeko asmoz. Gure Deba ibaia taldekoek gidatuta, gaur egun erabiltzen ez ditugun azpiegiturak aztertu zituzten: Olea, Malmero eta Olabarrena presak, Agarrebeizteko ur-biltegia eta tutua, Ibarrolako presa eta San Martzialeko ur-biltegi erraldoia, "Eibar"ko presa eta Illordoko/ Arribasoko tunela...

Komentatu zigutenez, oso sorpresa atsegina hartu zuten. Sortu zutenetik, GoiEnerrek energia berriztagarrien eta garbien apustua egin du, eta bere estrategian aintzinako azpiegitura hidroelektrikoen berrerabilera bultzatzen dute (nahiz eta gehiegitan traba ugari topa euskal instituzioetan). Testuinguru honetan, Soraluzen ikusitakoak aukera politak zabaldu zizkien.

Gainera, gutxi gora-beherako kalkuluak egiteko konpromisoa hartu zuten, gratis et amore. Hasiera batean, ea ustiaketa bakoitzak urteko zenbat KWh eman zezakeen. Eta gero, aukera interesgarrienen faktibilitate azterketa bat. Azpimarratu zigutenez, ez dauka inolako zentzurik presak botatzeak errentagarriak izan daitekeen jakin barik.

Datu gehiago izandakoan publikatuko ditugu.

Bitartean, gure ibaiaren alde lanean jarraituko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.