Presen auzia

634 sinadurek errespetua merezi dute

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia 2023ko ots. 24a, 11:30

(Akats baten ondorioz, artikulu hau beste blog batean agertu da lehenago).

Otsailak 13an erreferendum aldeko 634 sinadurak eman genizkion Udalari.

Udal bozeramaikeekin bildu ondoren, egundoko desengainua hartu genuen. Sinadurak jaso zuten, baina erreferenduma ez dutela deituko esan ziguten.

Presak botatzearen aldeko Merlin proiektua onartu zenetik 18 hilabete ondoren, Udalak oraindik ez du azaldu alde ala kontra dagoen. Iraila arteko epea omen dauka proiektu honen kontra agertzeko, eta orain bi txosten tekniko eskatu dituzte, epeak luuuzaaatuuuz.

Soraluzek modu argian eta GARAIZ ez badio Merlin proiektuari ezetz esaten, Gipuzkoako Aldundiak presak apurtuko dizkigu di-da batean. Eta txostenak direla, hauteskundeak direla, udal berria eratzen dela, batzordeak antolatzen direla, udal makinari politikoa berriro martxan hasten dela… Kontuz! Beranduegi izan daiteke! Erabakia kanpotik etorriko da!

634 sinaduren izenean, Soraluzeko Udalari eskatzen diogu erreferenduma deitzeko lehenbailehen.

Eskatu eta bost aste geroago, otsailak 13an Gure Deba ibaia taldeko batzuk Udaleko bozeramaileekin bildu ginen, ondorengo helburuekin:

  1. MERLIN proiektua onartzeko ala ez erreferendum eskaera modu formalean ematea,

  2. MERLIN proiektua onartzeko ala ez erreferendum aldeko eta Soraluzen jasotako 634 sinadurak ematea.

  3. MERLIN proiektuari buruzko Udalaren iritzia ezagutzea

  4. MERLIN proiektua onartzeko ala ez erreferendumi buruzko Udalaren iritzia ezagutzea.  

Egundoko desengainua hartu genuen. Sinadurak jaso zituzten, baina ezertarako kontutan hartuko dituzten ez zuten aipatu ere egin.

Udal bozeramaileek Soraluzeko garapen urbanistikoaz eta Euskal Ur Agentziaz (URA) luze jardun eta gero, azkenean adierazi ziguten ez dutela erreferenduma deitzeko asmorik; hau da, ez diela kasurik egingo 634 sinatzaileei. Azpimarratu behar da gutako inor ez dagoela aipatutako garapen urbanistikoaren kontra; are gehiago,  Merlin proiektu bera da batere lerrokatuta ez dagoena.

Presak bota nahi dituen Merlin onartu zenetik 18 hilabete ondoren, herrian lehen informazioak zabaltzen hasi zirenetik 12 hilabete pasata, sinadurak bildu eta bilera eskatu genuenetik 5 aste eta gero, Udalak ez du oraindik azaldu Merlinen alde ala kontra dagoen.

Denbora luze honetan ezer gutxi egin dute, nahiz eta proiektuaren inguruan zalaparta ugari sortu den, eta orain bi txosten tekniko eskatu dituzte, epeak luzatuz. Udalak iraila arteko epea omen dauka Merlinen kontra agertzeko (ala ez).

2022.ean Merlinen akatsak salatu genituen, eta erakutsi genuen ez duela zerikusirik Soraluzeko Plan Orokorrekin eta Euskal Ur Agentziaren (URA) planarekin, eta azken honek ideia eta plan nahasiak dituztela. Udalak URAren proposamenak ez ditu sakon aztertu; bestela, URAren hankasartze eta kontraesanekin konturatuko zen. Eta orain Udalak erabaki du bi txosten berri eskatzea, Euskal Ur Agentziari bata eta Ondareari buruzkoa bigarrena.

Ez dago beste txostenik aurretik? Zer berri ekarriko dute txosten berriek? Ze interes dago epeak luzatzeko eta gaia ahazten uzteko? Ezin dugu onartu txostenak aitzaki gisa erabiltzea, Merlini buruzko erabakiak atzeratzeko.

Lortu den atzerapena, gure iritziz, Merlini buruzko erabakia kanpotik "ekartzeko" erabiliko dute, ez Udalak eta ez herriak ezer erabaki gabe. Eta erabakiak Soraluzen hartu behar dira; horregatik eskatu dugu erreferenduma 634 lagunek, erabakia guztion artean hartzeko. 

Alde ederra dago gure udal politiko baten esanekin: "Soraluzeko herriaren etorkizuna soraluzetarron esku dago, gu gara bertan bizi, herrian sinetsi eta berau maite dugunak". MERLIN proiektuaren arduradunek ere herriaren erabakia errespetatzekoak dira: “Azkenean guk egin dezakeguna da gizarteak onartzen duena

634 HERRITAR ARI GARA MERLIN PROIEKTUARI BURUZKO, ETA BAKARRIK MERLIN PROIEKTUARI BURUZKO, ERREFERENDUMA ESKATZEN

Azken urteetan gure ordezkari politikoei herri-erreferendumak oso lanabes egokiak iritzi zaizkie, autobusen geralekuaz edota Euskadiren etorkizunaz erabakitzeko. Baina, orain, zergatik ezin da presak apurtu nahi dituen proiektuaz (Merlin) galdeketa egin?  herriaren iritzia ezagutzeko beldur dira gure agintariak?  ala uste dute gaia "zailegia" dela soraluzetarrentzako?

Proiektu hau onartu ala ez erreferendum aldeko 634 sinadurak ezin dira gutxietsi eta alde batera laga. Aurki udal hauteskundeak izango ditugu, eta ordezkari politikoek azaldu beharko digute zer nolako herria eraiki nahi duten, partehartzailea ala ez, erabakia gure esku dagoen ala MERLINekoen eskutan.

Eta askotan esan duguna berriro diogu: Merlin proiektuaren aurka gaude, interes ilunen mesedetan kanpotik etorritako erabakien aurka gaude. Herri estrategiak markatu behar ditu ibaian egiteko jarduerak, soraluzetarrok zehaztu eta erabakitako estrategiak hain zuzen. 

Azkenik, azpimarratu nahiko genuke erreferenduma eta Soraluzeko garapen urbanistikoa zeharo bateragarriak ikusten ditugula.

Orain soraluzetarron iritzia ezagutzeko ordua da, Merlinek presak botatzeko dituen proiektuaren buruzkoa hain zuzen; horregatik, eta 634 sinaduren izenean, Soraluzeko Udalari eskatzen diogu erreferenduma deitzeko lehenbailehen.

 

Bitartean, jakina, guk Merlin geratzeko ahaleginetan jarraituko dugu, ibaiaren alde.