“Askorako balio du”
Azkenean 508 lagun izan dira Soraluzen Euskaraldian izena eman duten herritarrak eta zapatuan guzti horien arteko lagin bat bildu zen Tolarekua aretoan egin zen Belarriprest eta Ahobizien Topaketan. Herritarrek askotariko bizipen eta lorpenen berri eman zuten:
- “Balio izan dit ohartzeko euskara eta gaztelera nahastu egiten ditudala, eta euskarari eusten saiatu naiz.”
- “Senarra Belarriprest izan da eta alabak erderarako joera geroz eta handiagoa du. Gogor egin diet eta lortu dut euskaraz egin dezagun. Horri eustea dut orain erronka.”
- “Lagunartean elkarrizketa elebidunei eusteko erronka jarri nion neure buruari, eta hein batean, lortu dut.”
- “Lankide batekin lortu dut harreman hizkuntza aldatzen hastea, bere ezinegonaren berri emanda eta nola egin adostuta.”
- “Bilbora joan eta autobusean beste txapadun batekin elkartu eta euskaraz hasi ginen. Aldamenekoak irten behar zuela eta, euskaraz eskatu zidan lekua uzteko.”
- “Lagun artean erdaraz egiten dugu gehiago eta Euskaraldian, denei esan nien euskaraz egin nahi nuela haiekin. Denok saiatu ginen eta lortu genuen. Ez dena, noski.”
- “Ikastolako lagunekin bazkaria izan genuen. Erdararako joera dutenekin euskaraz aritu nintzen eta eutsi nion.”
- “Niri balio izan dit gaia mahaigainean jartzeko, hizkuntza ohituren inguruan arreta jartzeko eskatzeko.”
- “Euskaraz erdizka ulertzen dutenekin euskarari gehiago eutsi eta bidelagun nola izan praktikatzeko erronkari heldu diot.”
- “Erronka izan dut ostalaritzan, zerbitzari erdaldunekin euskarari eusten.”
- “Medikuarenera joan ginen ama eta biok, eta erdaraz hasitako elkarrizketa euskarara ekarri genuen.”
- “Gelakideekin ahalegindu naiz euskaraz egiten baina ez dut lortu haiek niri askorik egiterik”
Orokorrean, herritarrek azpimarratu zuten txapak babesa ematen duela eta parekoaren jarrera identifikatzeak asko lagundu egiten duela norbere jokabidea ausartagoa izaten; Euskaraldiak gogoeta egiteko eta eginarazteko aukera eskaintzen duela; euskarari eusteko ahalegina lasaitasunez egiteko abagune egokia; askori dakiten euskara apurra erabiltzeko aukera ematen diela… Askotariko ertzak ageri zaizkio ariketari.
Testigantzen bilketa zabalik
Batzordeak Euskaraldian parte hartu duten plazentziatarren testigantzak jaso nahi ditu eta horretarako galdetegi labur bat prestatu du, Belarriprest eta Ahobizi moduan izandako esperientziak, lorpenak edo gogoetak biltzeko: https://labur.eus/bizipenakSoraluzen
Batzordeak adierazi du “oso garrantzitsua” dela herritarren bizipenen berri jasotzea, ondoren guztiek horiek jandaurrean bistaratuz konturatuarazteko hizkuntza ariketa erraldoi honek nolako eragina duen. Andoni Egañak idatzitako kantuaren letrak dioen moduan "garaipen txiki asko ditugu jokoan". Norbanakoen testigantzekin batera, Batzordeak entitateen Ariguneetan gertatu denaren berri ere jaso nahi du eta horretarako, datozen egunetan entitateetako ordezkariei galdetuko diete zer nolako esperientzia izan duten.
365 egunez jarraitzeko gonbita
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eta Euskaraldiari amaiera emateko, Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordeak 365 manifestua zabaldu zuen, ariketaren ostean ere hizkuntzari eutsi eta proaktiboki jokatzen jarraitzeko gonbita eginez.