Hizkuntza ariketa sozialarekin jarraitzeko deia egin dute

Euskaraldiaren sustatzaileak atzo Gasteizko Artium museoan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo Euskaraldian 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena eta ariketa soziala gizartean "txertatua" dagoela nabarmendu dute. 

Amaitu da Euskaraldiaren hirugarren edizioa baina antolatzaileek dei egin dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialarekin jarraitzeko: "Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen".

Aurten, 161.099 lagunek eman dute aurten izena, eta azaldu dute horrek adierazten duela ekimena "egonkortze bidean" dagoela. Hala, duela bi urteko kopuru berdintsua izan du aurtengo Euskaraldiak: 161.099 lagunek izena eman edo izena berretsi dute (178.184 lagunek parte hartu zuten bigarren Euskaraldian, pandemia betean egin zenean). Hala ere, aurtengo datua "oso ona" dela uste dute sustatzaileek. Duela bi urte izena eman zuten askok ere parte hartu dute, eta izena eman dutenak baino herritar gehiago joan dira txapak jasotzera banaketa guneetara.

Txapa gutxiago

Haatik, nabarmendu dute jendeak ez dituela txapak une oro erabili: "Nahi baino txapa gutxiago ikusi dugu kalean". Aztertu egingo dute zer arrazoi dauden horren atzean eta zer aldaketa egin behar diren aurrerantzean txapa gehiago ikus daitezen. Hala ere, lehen analisia eginez, aipatu dute gizarteak "erlaxatzera" jo duela aurten ez delako berritasunik izan.

Ariguneen ariketa "geroz eta hobeto" ulertzen da 

Entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere "geroz eta hobeto" ulertzen dela iritzi diote. Orotara, 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldian, eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. 2020an, entitateek lehen aldiz izan zuten Euskaraldian parte hartzeko aukera, eta orduan 8.309 egoitzak eman zuten izena. Sustatzaileek nabarmendu dute aurten entitateek "baldintza egokietan eta ezagutza maila handiagoarekin" egin ahal izan dutela ariketa.

Gizartean "txertatua" 

Zenbakietatik harago, Euskaraldiak gizartean izan duen eraginari erreparatu diote sustatzaileek. "Euskaraldia gizartean txertatua eta normalizatua" dagoela sumatu dute, eta ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen direla: "Partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat". Uste dute lau urteotan "aurrerapauso handiak" eman dituela lehen hitza euskaraz arau sozial berriak, eta euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere "gero eta barneratuago" dagoela. Euskaraldia "ariketa efektiboa" dela azpimarratu dute: batetik, norberaren euskararen erabilera hazi egin delako, eta, bestetik, entitateetan euskaraz "eroso" aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten delako.

Hain justu, atzi egin zuten Euskaraldia baloratzeko ekitaldia Gasteizen, eta bertan bildu dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta hainbat herrietako batzordeetako kideak. 

Sarasuaren adierazpenak

Bestalde, Euskararen Egunaren harira, Jon Sarasuak euskararen biziberritze prozesuaren gaineko gogoeta plazaratu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Bertan, Sarasuak aipatu du normalizazioa une delikatuan dagoela eta ez dagoela beste 10 urte lozorroan egoterik. Hala, Euskaltzaindiak eratu duen Euskararen gogoetagunearen izenean proposatu du datozen urteetan eskala handiko 4 jauzi ematea: lan eremuan, aisialdian, komunikazioan eta hezkuntzan. Jakinarazi duenez, dagoeneko hasita daude sukalde lanean gizarteko hainbat eragilerekin.