Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Euskaraldiaren biharamunean, Soraluzeko Euskaraldia Batzordeak hamabost eguneko ariketan Belarriprest eta Ahobizi izan diren herritarren Topaketa antolatu du, elkarren hizkuntza bizipenak elkarbanatu eta hizkuntza-portaera berrietan trebatzen jarraitzeko. Izan ere, Euskaraldian abiatutako "aldaketei eustea" da helburua, norbanako zein kolektibo mailan; "kolektiboki jarduteak indarra eta babesa emateaz gainera, aukera berriak zabaltzen baititu".
Hitzordua Tolarekua aretoan izango da (kiroldegian), 11:00etatik 12:30era bitartean, kafe, infusio eta pastaz goxaturik.
Egitarau zabalagoa Euskararen Egunean
Euskararen Egunaren bueltan, beste ekimen batzuk ere antolatuko dira herrian, hala nola:
-Zirko tailerra. 11:30etik 13:00etara bitartean, Soraluzeko Zirko Eskolak haur eta gazteentzako zirko tailerra eskainiko du kiroldegiko frontoian. Bertan, bi irakasleren laguntzarekin batera, zirkoko materiala ere eskainiko dute. Gainera, 6 urtetik beherako umeentzat beren familiarekin gozatzeko txoko bat ere prestatuko dute. Sarrera librea izango da.
-Kantu kalejira. Plaentxia Kantuan taldekoak 12:30ean abiatuko dira Plaza Zaharretik eta ondoren kalez kale ibiliko dira kantuan.
-Mihiluze lehiaketa. Arratsaldean, Gaztelekuan, Mihiluze lehiaketa egingo dute DBH1 eta DBH2ko gaztetxoekin. Izena eman beharko dute parte hartzeko.
-Txokolatea eta ginkana institutuan. Abenduaren 2an, institutuan egitarau berezia antolatu dute gaztetxoentzat: 11:00etatik 11:30era txokolatejana eta txorizo pintxoak eta 11:30etik 14:15era herri kirolak eta jolasak, Kahoota (gelaka prestatutakoa) eta Ginkana (mailaka egingo dutena).
- Filmak. Eskolako umeak, berriz, filmak ikustera joango dira Antzokira, “Euskara Zine Aretoetara” programaren barruan, abenduaren lehen egunetan. Txikienek “Gruffaloa” ikusiko dute, nagusiagoek “Zutik” eta nagusienek “Elkano”.
"Sekulako" parte hartzea
Azken datuen arabera (behin betikoak), Soraluzen, guztira, 496 herritarrek eman dute izena (2020an 505 izan zireb); %58ak Ahobizi rola hautatu du eta %42ak Belarriprest (aurreko edizioarekin alderatuta, 8 puntu egin du gora). Generoari dagokionez, berriz, nabarmentzekoa da parte hartzaileen gehiengoa, %63a, emakumezkoak direla. Adinari dagokionez, parte hartzaile kopururik handiena 36-55 urte bitarteko pertsonek osatzen dute: %65; eta txikiena, berriz, 65 urtetik gorakoek: %12. Azpimarragarria da 16-36 urte bitartekoen artean parte hartu dezaketen guztien artetik herenak izena eman duela.
Euskaraldiaren Batzordeak adierazi duenez, “hirugarren edizio honetan ere parte hartzeak sekulakoa izaten dihardu eta horrek erakusten du herritarren artean oso zabaldua dagoela euskarari espazio gehiago emateko gogoa eta ardura”.