Euskaraldirako izen-ematea azken txanpan da eta bi egun besterik ez dira gelditzen izen-ematea ixteko. Oraingoz izena emanda dauden 400 plazentziarretatik %60ak Ahobizi rola aukeratu du eta %40ak Belarriprest. Aurreko edizioarekin konparatuta, Belarriprest kopuruak 8 puntu egin du gora. Arianne Unamuno Euskaraldiaren dinamizatzailearen iritziz “izen-emateari begiratuta eta herritarrekin izan ditugun berbetaldietan sumatzen da oraingoan jendeak hobeto ulertu dituela rolak, alegia, Belarriprest izateak bere baitan duela modu aktiboan jokatzeko aukera eta Ahobizi rola, hamabost egunez ulertzen duten guzti-guztiekin euskaraz egiteak ahalegin handia eska dezakeela”.
Entitateen kasuan, komertzioez gain, ostalariek, elkarteek eta zenbait enpresek ere eratu dituzte Ariguneak, momentuz, 50, baina horien berri izen-ematea itxitakoan emango dute.
Azken prestakuntza tailerra ostegunean
Ostegunean egingo dute Euskaraldia hasi aurreko laugarren eta azken prestakuntza tailerra 18:30ean hasi eta 19:30era bitartean, kiroldegiko Tolarekua aretoan. Bertan, hizkuntz bizipenez, rolez eta aurtengo ediziorako helburuez berba egingo dute. Izena emateko, deitu edo idatzi 601602347 telefonora edo soraluze@euskaraldia.eus helbidera.
Txapak jasotzeko aukera
Txapak jasotzeko aukera, berriz, ostiralera arte izango da, goizez udaletxean eta arratsaldeko 18:00etatik 19:30era bitartean, boluntarioek kalean ipiniko duten mahaian.