Euskal Herriko hainbat txokotako 130 gaztetik gora eman dute izena EuskarAbenturan. Askotariko lanak bidali dituzte: rapak, idatzi historikoak, bertsoak, bideoak, kantak, marrazkiak... baita diziplina bat baino gehiago uztartzen dituztenak ere.
Datozen egunotan EuskarAbentura elkarteko kideek proiektu guztiak ebaluatu eta parte-hartzaileen hautaketa egingo dute, Eusko Ikaskuntza bidaide. Apirilaren 16an argitaratuko dira espedizioa osatuko dutenen izen-abizenak.
Iparraldeko eta diasporako gazteen errealitatea kontuan hartuta malguagoa jokatuko da. Izan ere, aipatu eremuetako egoera soziolinguistikoa eta ikasturteko egutegiak oso bestelakoak dira. Beraz adin tartea zabaldu da, 2000-2003 urteen artean jaiotakoak onartuko dira, eta apirilaren 8ra arteko epea izango dute motibazio gutuna eta lana bidaltzeko.
Espedizioa Euskal Herritik
Espedizio ibiltari honetan parte hartuko duten gazteek Euskal Herrian zehar esperientzia anitz biziko dituzte uztailaren 1etik 31ra. Etapa bakoitzaren amaieran askotariko ekintzak egingo dira. Besteak beste Iratxeko monastegia, Eunateko eliza, Donemiliaga Kukulako Yusoko monastegia, Añanako Gatzagak, Albaola, Baionako katedrala eta Santimamiñe eta Ekainberriko kobazuloak bisitatuko dira.
Orientazio eta astronomia ikastaroak ere egingo dira eta askotariko hitzaldiak: Asisko Urmenetak gure lurraldearen historian sakontzeko hitzaldi-ilustratuak eskainiko ditu, Euskal Herriko Laborantza Ganberak nekazal eremuetako egoera hurbilduko du...
Ez dira faltako bertso-afariak, proiekzioak ezta bainuak ibai, igerileku, putzu eta itsasoan. Era honetan euskarAbenturalariek bertako geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistikoa ezagutzeko aukera izango dute.
Azken honetarako lurralde desberdinetako hainbat aditu izango dituzte bidalegun: Koldo Colomo Nafarroan, Beñat Garaio eta Ane Pedruzo Araban, Kike Amonarriz Gipuzkoan eta Eneko Gorri Lapurdin.
Honekin batera, espedizioan zehar sormen proiektu bat garatzea proposatuko zaie gazteei; espedizioan zehar bizitakoak eta ikasitakoak jasotzea helburu duen lan bat (antzerkia, performancea... gazteek nahi dutena). Horretan laguntzeko euskal kulturgintzako talentu handiko gonbidatuek lantegi ezberdinak eskainiko dizkiete: Ander Lipusek ahots-adierazpena emango du, Miren Amurizak eta Odei Barrosok hitzaliteratur sorkuntza, Ximun Fusch-ek eszenografia eta Jon Mayak gorputz-adierazpena.