Izen zientifikoa: Alnus glutinosa. Euskarazko izena: Haltza. Kokapena: Mendiola Industrialdea, ibai ertzeko horma. Jatorria: Haltz arrunta europar jatorrikoa da. Gaur egun, hedatua dago Europan, Asian eta Afrika iparraldeko zati handi batean. Erreka eta ibai bazterretan bizi da, eremu urtsuetan. Adina: 5-10 urte ditu. Leku egokietan 30 m arte hazten da eta 60 urtera arte bizi daiteke. Loratzea: Urtarrila eta maiatza artean loratzen da eta fruituak udazkenean heltzen dira, pinaburu txiki baten antzekoak. Erabilera ohikoenak: Malgutasuna behar duten egurrezko pieza berezietarako erabiltzen da (baserriko tresnak...) eta horrez gain, oso egokia da birlandaketetarako, egur-ikatza egiteko, bonsaietarako, gitarra elektrikoen atal nagusiak egiteko eta baita medikuntzarako ere (aktibitate antioxidatzaileak, minbiziaren aurkakoak, antiinflamatorioak, antimikrobianoak eta antibiralak... sortzeko egokiak diren konposatuak dituzte) (eu.wikipewdia.org).
Haltzak garrantzia ekologiko handia du, atmosferako nitrogenoa lurrean finkatzen duelako eta urbazter eta ezpondetako lur heze eta pobreak kolonizatu ditzakeelako. “Haltzadiak eta haltzagak ekosistema aberatsak izan ohi dira. Uraren inguruan bizitza pilatu egiten: txori eta hegazti zarbaje trinkoan; onddo eta perretxiko eta belar eta zuhaixka itzalzale lur hezean; amuarrain, zarbo eta ezkailu dabilen urak lurra eraman eta urpean bistaratutako sustraien babesean” (BiziBaratzea.eus).
Hobetze proposamenak
Jaio den lekua ikusita, hobetze proposamen gutxi egin daitezke, hala ere, egokia litzateke halako muturreko ingurunean jaio den bizitzari balioa ematea.
Miresgarria da landareek bizitzeko duten gaitasuna eta zailtasunetara egokitzeko duten ahalmena; edozein txokotan erne eta hazteko duten indarra. Kasu honetan, baliteke hazia haizeak edo txoriren batek eroan izana zirrikitu horretara eta bertan erne.
Askotan gizakiok behar edo nahi ez ditugun lekuetan hazten dira eta orduan, belar txar gisa hartzen ditugu eta edozein modutan desagerrarazten. Konturatu behar genuke gure inguruan landareek ugaltzeko duten ahalmen hori altxor handia dela, zaindu eta miretsi beharrekoa, naturak duen bizindarraren adierazlea delako. Hortaz, eskuhartzeak egin aurretik hausnartu dezagun benetan beharrezkoak den eta beharrezkoa bada egin dezagun modu egokian.
Oharra: Nahi baduzu serie honetan zuhaitz konkreturen bat aztertzea edo besterik gabe, jakinaraztea herriguneko zuhaitzekin zerikusia duen konturen bat, idatzi edo deitu ondorengo helbide edo telefonora lemonlorazaintza@gmail.com / 690253898 (Ander Oñate) eta pozarren erantzungo dizu. Bestalde, herritarren ekarpenak jasotzearekin batera, herriguneko zuhaitzak zaindu eta babesteko auzolan sarea eratu nahi dugu. Hortaz, Zuhaitzen Zaindari Sarean parte hartu nahi izanez gero, bete ondorengo izen-emate fitxa.