Izen zientifikoa: Prunus serrulata. Izena euskaraz: Lore gereziondoa edota Gereziondo japoniarra. Kokapena: Arraikuako lorategietan. Jatorria: Asia (Txina, Korea eta Japonia). Adina: 15-20 urte inguru izango dituzte. Erabilera ohikoena: Zuhaitz apaingarri gisa oso hedatua dago, bere jatorrizko herrialdeetan nahiz munduko klima epeleko lekuetan. Batez ere, bere loraldi ikusgarriengatik landatzen da. Izan ere, loraldi goiztiarra eta ikusgarria du. Udaberri hasieran, hosto berriak agertzearekin batera, zuritik arrosara bitarteko lorez gainezka jartzen da. Hostoak udazken amaieran galtzen ditu, eta hauek ere, erori aurretik, kolore hori eta gorrizta politak erakusten dituzte. Mintegietan mota honetako barietate ugari eskaintzen dituzte, hauetako asko lore bikoitz ikusgarrietakoak.
Sarri, Europan eta Ipar Ameriketan, batez ere, Gereziondo arruntaren (Prunus avium) enborraren gainean txertatzen da, arruntak sustrai sistema hobea izaten duelako. Fruituei dagokienez, berriz, paingarri izateko helburuarekin sortu dituztenez, normalean ez dute fruitu ale handirik ematen, gerezi ale txiki beltxak baizik. Hori bai, oso ugariak izaten dira.
Hobetzeko proposamenak
Egurrezko eremuak berritu eta handitu
Komeniko litzateke zuhaitzak landatuta dauden eta loreak sartzen diren egurrezko eremuak berritzea eta handitzea, izn ere batzuk zaharkituak daude eta honezkero txiki geratzen hasiak dira. Gainera, mantenu-lan handia eskatzen duen belardia gutxitu edota kendu daiteke, (belarra=lan gehiago) bestelako landareak erabiliz eta eremuari bestelako itxura eta erabilera bat emanez. Azken batean, mantenua arindu, emaitzak hobetuz.
Bizkoitasuna eragotzi, mentu oinetik datozen adarrak inausita
Loraldi garaian zuhaitzetako batzuek lore desberdinak ematen dituzte: adar batzuetan lore bikoitz arroxa ikusgarriak eta beste batzuetan lore zuri arruntak. Arretaz begiratuz gero, konturatuko gara adar batzuk modu horizontal samarrean jaiotzen direla (txertatutakoarenak) eta beste batzuk berriz, zuzen edo era bertikalagoan (mentu oinarenak). Bikoiztasun horrek kalte egiten dio zuhaitzari eta ihartu ere egin dezake (dagoeneko ihartu dira bi). Hargatik, komeni da mentu oinetik jaiotzen diren adarrak irten ahala errotik moztea, indar guztia txertatutako gereziondoaren adarretara bideratu dadin. Baina kontu, gereziondoek ez dute inausketa gogorrik onartzen eta horregatik gomendatzen da inausi beharreko adarrak gehienez urtebetekoak izatea, gainerakoan inausketa gogorragoa izango da eta zuhaitzari kalte handiagoa eragingo dio.