Izen zientifikoa: Acer campestre. Euskarazko izena: Astigar arrunta. Kokapena: Sagar Erreka auzunean. Jatorria: Europa, Asia eta Ipar Afrikan zehar hedatua dago eta Euskal Herrian ere bai. Bertakotzat har daiteke. Adina: 30-40 urte bitartean. Arbola gaztea da baina helduarora hurreratzen ari da. Berez, 20 m arte haz daiteke eta honek dagoeneko 10 metrotik gora izango ditu. Loraldia: Apirila eta maiatzean loratzen da, hostoak garatzen dituen aldi berean. Erabilera ohikoena: Egur gogorra eta dentsitate ertainekoa du, zurgintzan eta tornerian asko erabiltzen dena. Itzala emateko arbola bezala ere landatzen da eta hesiak eratzeko ere moztu daiteke. Udazkenean, hostoak erori aurretik, kolore horixka ikusgarriak izaten du.
Hobeto zaintzeko proposamenak
Atal honetan, zuhaitza hobeto zaintzeko proposamenak azalduko ditugu, zuhaitzaren beraren osasuna zein herrigunean duen eragina egokienak izan daitezen.
Balioa aitortu eta ingurua egokitu
Zuhaitza non hazten den, tamaina neurtu eta bizitzeko dituen egoerak aztertuz, komenigarria litzateke, zuhaitza mantendu nahi badugu bederen, berari balioa aitortu eta ingurua ere bere beharretara egokitzea:
- Paretan/ezpondan hazi denez, leku eskasa eta ziurrenik lurra ere gutxi izango du, horrek zailduko dio lurrari nahiz bere pisuari eustea.
- Zuhaitzaren ingurua (bizilekua) sasiz, zuhaixkaz eta belarrez beteta dago, beraz interesgarria litzateke eremua txukundu eta garbitzea. Era berean, ez legoke gaizki eremua bera berrantolatu eta zuhaitza babesteko ardura hartzea.
- Zuhaitza kalean bertan eta etxebizitzetatik gertu dagoenez, ezinbestekoa da bere osasuna eta egoera arretaz zaintzea, aurrerago izan daitezkeen zailtasunak aurreikusiz. Izan ere, etxeetatik gertu dago, azpian pasealekua eta barandaua ditu, erreka, kableak, farolak, etab. Zuhaitz handia da eta komeni da oraintxetik kasu egitea, gerora drastikoki moztu beharrik ez izateko.
Huntza moztu behar zaio
Enborrean gora kiribiltzen den landare igokaria, huntza hain zuzen, larregi hazten ari da zuhaitza bera ere inbadituz, ondorioz, komenigarria litzateke berau zaintzea (moztea) edota kentzea zuhaitzaren hobebeharrez. Arrazoiak:
- Zuhaitza bera itotzen hastea, honen bizitza ere arriskuan jarriz.
- Zuhaitzaren gainekaldean pisu-masa karga handiegia pilatzea, adar eta enborrak apurtzeko arriskua areagotuz.
- Zuhaitzaren berezko hazkundean eragin zuzena izatea, konpetentzia eta estresarengatik desorekak eraginez.
Adituen iritzi objetikoa behar da
Zuhaitz zaurgarria da, bere kasetara eta kontrolik gabe hazten doana eta gure artean bizitzen jarraitzea nahi badugu, ahal bezain pronto kasu egin behar genioke, beranduegi izan baino lehen. Komenigarria litzateke zuhaitzen lanketan nahiz mantenuan espezialistak eta adituak direnen iritzi objektibo bat izatea eta agian altuerako inausketa tekniko profesional bat egitea.
Oharra: Nahi baduzu serie honetan zuhaitz konkreturen bat aztertzea edo besterik gabe, jakinaraztea herriguneko zuhaitzekin zerikusia duen konturen bat, idatzi edo deitu ondorengo helbide edo telefonora lemonlorezaintza@gmail.com / 690253898 (Ander Oñate) eta pozarren erantzungo dizu. Bestalde, herritarren ekarpenak jasotzearekin batera, herriguneko zuhaitzak zaindu eta babesteko auzolan sarea eratu nahi dugu. Hortaz, Zuhaitzen Zaindari Sarean parte hartu nahi izanez gero, bete ondorengo izen-emate fitxa.