Izen zientifikoa: Ligustrum lucidum. Euskarazko izena: Arbustu japoniarra. Kokapena: Estaziñoko parkea. Jatorria: Asia (Txina eta Japon). Adina: 15-20 urte. Neurria: 4-5m (10 metrora arte haz daiteke). Loraldia: Uda betean loratzen da, uztaila eta iraila artean. Ez du hostorik botatzen. Fruitua: Abuztu-iraila aldera, fruitu ale txiki beltxak ematen ditu; zenbait txorik gustura jaten dituzte, besteren artean, usoek. Erabilera ohikoena: Apaingarri gisa edo landare hesiak egiteko erabiltzen da, betiere klima epeleko eremuetan, hotzarekiko sentibera baita.
Hobeto zaintzeko proposamenak
Atal honetan, zuhaitza hobeto zaintzeko proposamenak azalduko ditugu, zuhaitzaren beraren osasuna zein herrigunean duen eragina optimoak izan daitezen.
Komeni da espazio gehiago ematea asfaltoan. Zuhaitzek asfaltoan espazio txikiegia dutenean, gaixotu egiten dira edo asfaltoa altxatzera jotzen dute. Hori eragozteko zuhaitzei espazio gehiago eman dakieke asfaltoan (ondoren lurra estalita edo estali gabe). Horrek zuhaitzaren osasuna hobetuko du eta inguruan dauden pertsonen ongizate sentsazioa handitu ere bai.
Komeni da urtero inaustea. Oinezkoen pasabideetan dauden kasuetan, komeni da loraldiaren ostean inaustea, loreek eta fruituek lurra zikindu eta belztu ez dezaten, horrek deserosotasuna eragiten baitie oinezkoei eta lan gehigarri bat eransten kale garbitzaileei. Hala, aipatutako arrazoiengatik, urtero inausi daiteke, zuhaitzaren forma eta tamaina kontrolpean mantenduz.
Oharra: Nahi baduzu zuhaitz konkreturen bat serie honetan aztertzea edo besterik gabe, zuhaitzekin zerikusia duen konturen baten gaineko zerbaitz esatea, idatzi edo deitu ondorengo helbide edo telefonora lemonlorezaintza@gmail.com / 690253898 (Ander Oñate) eta pozarren erantzungo dizu. Bestalde, herritarren ekarpenak jasotzearekin batera, herriguneko zuhaitzak zaindu eta babesteko auzolan sarea eratu nahi da. Hortaz, Zuhaitzen Zaindari Sarean parte hartu nahi izanez gero, bete ondorengo izen-emate fitxa.