BAILARAKO HEDABIDEA

Tokiko lau hedabidek Debabarreneko komunikabide berria sortu dute: 'Barrena'

Barrena Komunikazio Taldea 2025eko azaroaren 6a

Lau hedabideetako langileak bailarako proiektu komunikatiboa definitzeko lan-saioan. INGROUP AHOLKULARITZA

Sei urteko lankidetza prozesuaren ostean, Debabarreneko tokiko lau hedabidek —Mallabiko eta Ermuko Drogetenitturri-k, Soraluzeko Pil-pilean-ek, Elgoibar eta Mendaroko Barren-ek eta Debako Berriketan-ek— erabaki dute indarrak batzea eta elkarrekin bailarako komunikazio proiektu berria eratu dute: Barrena.

Proiektuak 2020ko udazkenean Eibarko Markeskua jauregian egin zen bileran du abiapuntua. Orduko hartan, Gipuzkoako Aldundiak deituta, Debabarreneko euskara elkarteetako eta tokiko hedabideetako ordezkariak eta udaletako euskara teknikariak batu ziren Eibarren eta bilera hartan bertan abiatu zuten zenbait hedabideren arteko lankidetza prozesua.

Hedabide berriaren izena Barrena izango da. Debabarrena izenaren zati esanguratsua da eta, ondorioz, oso erraza da bailararen izenarekin identifikatzea

Handik hiru urtera, 2023ko abenduan, lau euskara elkartek —Ermuko Euskal Birusak, Soraluzeko Pil-pileanek, Elgoibarko Izarrak eta Debako Zuhatzak— komunikazio arloan "bailaratzearen aldeko hautu estrategikoa" sinatu zuten Elgoibarren, baita jendaurrean aurkeztu ere, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Debegesaren eta udalen babesarekin.

Harrezkero, hainbat pauso garrantzitsu eman dituzte lankidetzaren bidean; besteak beste, 2024an inplementatu zuten plataforma eta zerbitzari digital bateratua lau hedabideetan eta 2025ean eskuratu dituzte mugikor kazetaritzan jarduteko gailuak eta trebatu dituzte kazetariak ikus-entzunezkoetan. Hain zuzen, aurten, martxoan hasi eta uztailera bitartean, definitu dituzte Barrena proiektu komunikatibo bateratuaren oinarriak: egitura, produktu eta marka bateratua.       

Batu eta berritu

Jon Sarasuak esana da euskararen biziberritze prozesuaren gainean: "Orain arte egindakoa asko da, baina orain arte egin duguna egiten jarraituta, ez dugu aurrera egingo". Gogoeta horren eta antzeko beste hainbaten bidetik erabaki dute lau euskara elkarteek herrietako proiektu komunikatiboak bateratu eta berritzea. Helburua argia da: "Gaur egungo komunikazioaren sektore konplexuan lehiakorrak izatea euskaraz".

Multimediatasuna, pertsonalizazioa… Kontsumo ohiturak abiada bizian ari dira aldatzen eta euskara elkarteek premiazko ikusi dute beharrizan berriei modu egokian erantzungo dien komunikabide bat sortzea.

Abenduan kaleratuko dituzte Barrena astekaria eta Barrena.eus webgunea

Inguruko bailaretan dagoeneko sortuak daude eskualdeko hedabideak: Goiena Debagoienean, Anboto Durangaldean, Lea Artibaiko Hitza Lea Artibain, UKT Urola Kostan… Horien ereduari jarraituz eratu dute Debabarreneko hedabidea: Barrena. Baliabideak optimizatuz eta profesionalizazioan sakonduz, kalitatezko eduki multimediak ekoitzi eta kazetaritza hobea eskaini ahal izateko debabarrendarrei. 

Astekaria eta webgunea

Hala, irailean, proiektua bultzatu duten lau euskara elkarteek Barrena Komunikazioa Koop. S. eratu dute. Kooperatiba irabazi asmorik gabekoa da eta euskara elkarteekin batera, langileak eta udalak ere bazkide egiteko asmoa dute.

Abenduan, berriz, herrietako aldizkarien eta webguneen partez, Barrena astekaria eta Barrena.eus webgune bateratua kaleratuko dituzte eta, aurrerantzean, bailarako periodiko formatuko astekariak eta webguneak eskainiko dute bailarako eta herrietako informazioa.

Soraluzeko albisteek tarte propioa eta finkoa izango dute bailarako astekarian zein webgunean, eta herritarrek tarte propio horietan jarraitu ahalko dute herri bakoitzeko aktualitatea, agenda, zorion-agurrak, eskelak eta abar.

Datozen asteetan kaleratuko dute hedabide berriaren inguruko informazio gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.