2000 urtean eratu zuten Euskadiko Vending Elkartea, EVE (Asociación de Vending de Euskadi). Elkarteak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 30 enpresa batzen ditu. Horiek 20.000 salmenta makina inguru dituzte (1.000 biztanleko 7), eta urtean 74 milioi euro fakturatzen dute guztien artean. Europan era honetako 4,4 milioi makina daude guztira (505.000 makina Espainian).
Sektorean diharduten enpresentzat erreferentziazko gune bihurtu den topaketa antolatzen dute urtero, besteak beste, vending sektoreko profesionalen arteko loturak indartu, prestakuntza sustatu eta sektorearen egokitzeko gaitasunari garrantzia emateko helburuarekin, euren berbetan. Iazkoa Bilbon egin zuten eta Debabarrenean egingo dute Euskadiko Vending Enpresen Topaketaren 23. edizioa izango dena. Antolatzaileen berbetan, “aurtengo jardunaldiek eskualdeko ondare industrial aberatsari hurbiltzeko aukera emango die parte-hartzaileei”.
Lehen egunean (urriak 2, eguena) Elgoibarko Makina-Erreminta Museora, IMH Campusera eta Lizagasar sagartokira bisita egingo dute, baita Debara bisita gidatua ere.
Eta bigarren egunean (urriak 3, barikua), elkarteko zerbitzuei eta sektoreko prestakuntzari buruzko mahai-ingurua egingo dute. Horrekin batera, Eibarko Armeria Eskolara joango dira bisitan, eta “Ekintzailetza, moldagarritasuna eta oztopoak gainditzea: pertsonak eta heziketa balioan jarriz” izenburuko hitzaldia emango dute Armeria Eskolako Juan Carlos Molinerok (digitalizazio arduraduna) eta Gema Gomezek (aldaketa-bultzatzailea), Oihana Asgarragak (Debegesako ekintzailetza teknikaria) eta Ander Romarate Agirrek (kirolari paralinpikoa izandakoa).
Jardunaldiari networking-luntx batekin emango diote amaiera, Eibarko Armeria Eskolan.
Kongresua Azkoyen, Evoca Group, Easy Vending, FAS, Grefusa, Gullon, Josmar, Nestle, Ñaming, Simat, Sisaga, Urkotronik, Velarte eta Sanden Vendo enpresen babesarekin antolatu dute. Horrez gain, gonbidatu gisa ANEDA (Asociacion Nacional Española de Distribuidores Automaticos) eta ACV (Asociacion Catalana de Vending) egongo dira, besteak beste.
- Egitarau osoa HEMEN