Sare-ren esanetan, helburua "bakarra" da: "behin betiko amaitzea sufrimenduarekin, behin betiko konponbidea lortzea, behin betiko bakea eskuratzea, eta noski, behin betiko elkarbizitza agertokietara jauzi egitea". Ildo horretan, "Azken txanpa"-ri erreferentzia eginez, Sarek ohartarazi du "azken txanpak benetan gogorrak eta luzeak izan daitezkela" eta adierazi du "azken fase hau" "benetan gogorra" ari dela izaten, datorren urtean "ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte beteko direnean".
56 preso erregimen irekian
Gogorazi dutenez, gaur egun, "56 dira beraien zigorrak erregimen irekian betetzen ari diren presoak" eta mugimenduaren esanetan "hori olatua hartzen jakin dugunaren seinale argia da". Hala ere, "hamaika" direla oraindik "egia jakiteko, errekonozituak izateko eta erreparatuak izateko falta diren biolentzia ezberdinen biktimak" eta "urte luzetan erbestean egotera behartuak izan diren iheslari zein deportatuak".
Herritarren gehiengoaren babesa
Sareren ustez, oraindik "sufrimendua" dago eta ezinbestekoa da "euskal herritarren gehiengoaren babesa etxeratzearen alde mantentzea" eta "mobilizatzen jarraitzea", "ondorio guztiekin amaitu eta konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren izenean urratsak emateko".