Atzoko topaketan Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu zuenez, Diputatu Kontseilua egiten ari den saio ibiltarien “helburua lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea da, baita herritarren kezkak eta ekarpenak biltzea ere”.
Ekintzailetasuna eta gizarte-ekimena
Ildo horretan, atzoko saioaren aurretik, Mendozak Eibarko alkate Jon Iraolarekin egin zuen lan batzarra, diputatu nagusiaren esanetan, “lurraldeko ekintzailetasun eta gizarte-ekimeneko gune garrantzitsuenetako bat” baita Eibar, eta, topaketa horrek aukera eman zien “Eibarko Udalarekin lankidetzan aurrera egiteko”.
Diputatuen Kontseiluaren saio irekia Armeria Eskolan egin zen, "Gipuzkoan aitzindaria eta erreferentea den Lanbide Heziketako zentroan". Bisita baliatuta, ikastetxeko instalazioak bertatik bertara ezagutu zituzten ordezkari politikoek. Kasu horretan, Lanbide Heziketaren “funtsezko funtzioa” azpimarratu zuen diputatu nagusiak, ez bakarrik “gazteak ogibide batean” prestatzen dituelako, baizik eta “berritzailea” delako eta “gizarte eta ekonomia sarearekin etengabeko harremana” duelako.
Merkaturatu eta formatu
Zentzu berean, Eibarko ikastetxea goraipatu egin zuen Iraola alkateak, “gazteak berme osoz lan merkatuan sartzeko prestatzeaz gain, lanean ari diren pertsonei prestakuntza ematen eta industriaren eskaera berrietara egokitzen jarraitzeko aukera ematen” dielako.
Bihar, Ikasenpresa Eibarren
Lanbide eta enpresa gaiekin segituz, bihar, eguena, Untzagan egingo den Ikasenpresa azokan parte hartzeko gonbidapena egin zuen Eibarko alkateak. Esan zuenez, azoka horretan, Euskadiko 2.000 ikasle elkartuko dira, eta "enpresa proiektu berritzaileen bidez haien sormena eta espiritu ekintzailea ezagutzeko aukera bikaina" izango da.
Azkenik, Armeria Eskolako zuzendari Imanol Urreistik azpimarratu zuen "lerrokatze garrantzitsua" dagoela Foru Aldundiaren, Eibarko Udalaren eta Armeria Eskolaren beraren ildo estrategikoen artean, bai Lanbide Heziketak "prestakuntza eta garapen industriala bultzatzeko" izan behar duen rolean, “baita ongizate emozionalaren arloan sentsibilizaziotik eta autoezagutzatik abiatuz lan egiteko konpromisoan ere, lagungarriak izango baitira lan eta gizarte ingurune osasungarriagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko garaian".