Kafe kapsulak jasotzeko beste 11 edukiontzi jarri dituzte eskualdean

Erredakzioa 2024ko abu. 27a, 08:40

Kafe kapsulak batzeko edukiontzia Erregetxean (ezkerrekoa).

Mankomunitateak jakinarazi du, uztailaren 22az geroztik, sukaldeko olioa eta kafe kapsulak biltzeko lanak indartu dituela, besteak beste, kafe kapsulak batzeko beste 11 edukiontzi ezarrita. 

Kafe kapsulentzako 11 edukiontzi gehiago jarri dituzte eskualdeko herrietan dauden minigarbiguneen ondoan, hondakin horiek birziklatzea errazteko eta sustatzeko helburuarekin. Soraluzen, Erregetxean eta Santa Anan ezarri dituzte eta alumiozkoak zein organikoak bota litezke bertan, nahiz eta azken hauek organikoen edukiontzi handian ere bota daitezkeen.

Bestalde, Mankomunitateak gogorarazi duenez, minigarbiguneetan etxeko hondakin arriskutsuak uzten jarraitu ahal izango da, hala nola pintura pote txikiak, aerosolak, pilak, erradiografiak, eta arriskutsuak ez diren hondakinak (CDSak eta DVDak, adibidez).

Aurten, 6.000 kilotik gora

Urte hasieratik ekainera bitarte, 6.292 kg kafe kapsula eta 24.991 kg sukaldeko olio jaso dira eskualdean. "Ahalegin horrek, beraz, agerian uzten du komunitateak birziklatzearekin eta hondakinen kudeaketa egokiarekin duen konpromisoa" nabarmendu dute Mankomunitateko ordezkariek.

Bildutako kafe kapsulak Gipuzkoako Alegi herrian Ekograsek duen lantegira eroaten dituzte; sukaldeko olio erabilia, berriz, Nafarroako birziklatze planta batera bidaltzen dute.

2021az geroztik, kafe kapsulak bereizita 

Mankomunitateak 2021eko martxoan jarri zuen abian minigarbiguneetan kafe kapsulak biltzeko zerbitzua, Nestle enpresarekin sinatutako hitzarmen bati esker.

2022an 5.325 kg kapsula jaso zirela ikusita, eta herritarrei kapsulak behar bezala bereizteko lana errazte aldera, eskualdean 45 edukiontzi gehiago jartzea erabaki zuen Mankomunitateak, kafe kapsulak soilik jasotzeko. Eta orain jakinarazi dutenez, aurrerantzean Debabarreneko herritarrek guztira 56 edukiontzi izango dituzte eskura.

Horiek hala, Mankomunitateak hondakin horiek modu aktiboan bereiztera animatu nahi ditu herritarrak. "Sukaldeko olioa eta kafe kapsulak behar bezala kudeatzea funtsezkoa da ingurumena babesteko, kutsadura murrizten eta iraunkortasuna sustatzen laguntzen baitu. Gainera, hondakin horiek behar bezala bereizteak kostuak murrizten laguntzen du, komunitate osoari onura egiteaz gain".

Kafe kapsulak eta olioa batzeko zerbitzua Ekogras enpresari esleitu dio Mankomunitateak; 81.730 euroko kostua izango du, eta bi urtez egongo da indarrean.