Hiru etxe edo udaleku dituzte Euskal Udalekuek Abaigar, Goñi eta Bernedo. Goñin hiru txanda ditugu uztaila eta abuztuan banatuta, 2005tik 2010era jaiotakoentzat.
Balio asko landu nahi izaten dituzte udaldian zehar, baina horien guztien artean bat nabarmentzen da: “Euskal Udalekuetara datozen haur zein gazteei euskaraz bizi ahal izateko aukerak, tresnak eskaintzea eta euskaraz bizitzearen aldeko kontzientzia piztea edota indartzea”. Euskara da, beraz, Euskal Udalekuetan ardatz nagusi.
Izen-ematea badago irekita, http://udalekuak.eus/ webgunean dagoen fitxa betez.
Informazio gehiago telefono honetan (18:00 - 20:00): 943905766 edo udalekuak@udalekuak.eus
60. Hamarkadan sortutako ekimena
60. hamarkadan antolatu zituzten estreinako euskarazko udalekuak, ikastolen sorrerarekin bat. Urtean zehar ikastoletan egindako lanari jarraipena ematea izan zen euskarazko udalekuak sortzearen arrazoi nagusia. Frankismo garai gogorrak izan arren, 60. hamarkadan, jada, ikastoletan euskaraz irakasten zuten; klandestinitatean, baina euskaraz.
Esan beharrik ez da, ikasturtean zehar, asko egiten zutela ikastolek Euskal Herri euskaldunaren bidean. Dena den, batzuk horrekin ere konforme ez, eta udalekuak antolatzen hasi ziren, ikasturtean zehar ikastoletan euskaraz bizi ziren haurrek udan ere horretarako aukera izan zezaten. Barria, Saturraran, Deba, Ozaeta, Beire*... Udaleku mordoa antolatu zuten orduko euskaltzale haiek, eta orduko haiek egindako lanaren oinordeko dira Euskal Udalekuak.