Herriko boluntarioen testigantza Euskal Udalekuez

E. Unamuno 2017ko mar. 9a, 11:53

Ander, Ikerne, Nagore, Martin, Maite eta Leire.

Ander, Ikerne, Nagore, Martin, Maite, Leire... Herriko hainbat gaztek parte hartu dute boluntario modura Euskal Udalekuetan, hezitzaile zein sukaldari lanetan. Guztiek oso aberasgarritzat eta garrantzitsutzat dute bertan bizitako esperientzia.   

"Euskal udalekuen bidean sorturiko esperientziatik, hainbat balore bereganatu ditugula jabetzen gara gaur egun, zeintzuek gure egunerokotasunean benetako garrantzia eta eragina duten. Ikasi dugu ondokoa errespetatzen, laguntzen, berdintasunean bizitzen, ingurua zaintzen eta maitatzen. Eta nola ez, euskaraz jolasten, bizitzen eta gozatzen.

Euskara dugu udalekuen ardatz nagusi. Hainbat ekintza eginez berau bultzatzeko, hala nola jolasak, tailerrak, kantak, dantzak… Horrekin batera euskal kultura ere helaraztea du helburu.

Euskal herri osoko umeak bertaratzeak aberastasun handia ematen die udalekuei.

Alde batetik, euskalkiei begiratuz aniztasuna dakar; eta bestetik, giro erdaldunean bizi diren umeak giroeuskaldun batean murgiltzen ditu aukera berriak eskainiz.

Kontuan hartu behar dugu hiru herri txiki hauek natura ingurunean kokatuta daudela. Haurrek naturaz gozatzea beste helburu bat izanik. Mendi martxak, basoan jolasak, paisaia, errekako bainuak… Euskal udalekuek hirian bizi diren haurrentzat naturaz gozatzeko aukera ere dakarte.

Giro ederra sortzen da kide guztien harremanetan, berdintasuna elikatuz.

Udalekuak, orokorrean, lagun berriak ezagutzeko tresna paregabea dira, harreman laburrak, baina ahaztezinak. Hala ere, nabarmendu nahiko genuke, gure esperientzia pertsonalera bueltatuz, haur moduan elkar ezagutu genuen askok gaur egun elkarrekin jarraitzen dugula, euskal udalekuen kide izaten, harreman estu baten fruitu.

Berebiziko garrantzia daukan boluntario lana ere aipatu nahiko genuke. Euskal udalekuetan ibiltzen garen begirale, sukaldari eta milook inolako diru saririk gabe aritzen garela lanean. Oso garbi daukagu euskal udalekuekin bestelako sariak lortzen ditugula, garrantzitsuagoak diren sariak, inon idatzi ez diren sariak. Garbi daukagu maite dugulako egiten dugula, gozatu egiten dugula eta lortzen dugun sari bakoitza gure oroitzapenetan gordeko dugula. Beraz, animatzen zaituztegu euskal udalekuetan izena ematera eta gure zelai zabalean zuen lorea landatzera: www.udalekuak.eus."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.