Osintxuko Aita Santua etorri da Kofraixak iragartzera

E. Unamuno 2016ko ira. 3a, 09:58

Osintxuko Aita Santuarekin batera etorri ziren atzo osintxuarrak Kofraixa jaiak iragartzera. Aita Santuak herritarrak agurtuz eta bedeinkatuz zeharkatu zituen kaleak, tarteka eskura zuen botilatik "kaliza" edanaz. 

Santa Ana kaletik azaldu zen Aita Santua, arratsaldeko zazpiak aldera, inguruan mozorrotutako hogeitamarren bat lagun zituela: zanpantzarrak, poxpolinak, deabruak, beraneanteak... Plaza Zaharretik zehar buelta egin zuen eta Gaztetxe parean Galtzagorri jai batzordeak eskaini zien merienda jan zuten.  

Parean topatu plaentxiarrak jaietara gonbidatu zituzten. Aurten, beste urte batzuetan egin izan duten moduan, astebetez atzeratu dituzte jaiak, jendea oporretatik bueltan etorri eta jaietan parte hartze handiagoa izan dadin. Zortziak aldera, bizikleta gainean jarri eta Osintxurako bidea hartu zuten berriz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.