5:05:48ko denbora behar izan zuen lasterketa amaitzeko eta 261. postuan sailkatu zen Soraluzeko kirolaria. 7-8 hilabete Zarauzko triatloia prestatzen egon ostean, benetan pozik dago Erik lortutako emaitzarekin. Zarauzko kaleetan korrika aritzea eta herri guztia jendez gainezka animatzen ikustea da gehien gozatu zuena. Horrek, helmugara iritsi arte, momentu ahulenetan ere indarrak batu eta lanean jarraitzeko bultzada eman ziola aitortu digu .
8 hilabete Zarautzera begira
Inguruetako lasterketa esanguratsuenetarikoa da Zarauzko triatloia. Ironman-erdiko distantzia (2.9km igerian / 81km bizikletan / 20km korrika ) da kirolariek burutu beharreko lana. Lasterketako izen-ematea 5 minututan itxi zen (600 izen emate) eta horrek korrikalariek lasterketa hau zenbat maite duten erakusten du. 7-8 Hilabete igaro ditu Erik-ek lasterketa hau prestatzen. Lasterketaren egunean urduritasuna zen nagusi, izan ere, hilabeteetako lana egun batean neurtzea ez da erraza. Igeriketako proba uste baino hobeto egin zuen 46minutuko denbora lortuz. Bizikletako zatian indarrak neurtzea erabaki zuen (2:40ko denbora) probako azken zatian, korrika (1:34ko debora) gozatzeko aukera izateko. "Lasterketako azken kilometroak izugarriak izan ziren, jendearen animoak indar berritu egin ninduten eta gozamena ikaragarria izan zen. Zarauzko triatloia lasterketa berezia da eta orain ulertzen dut zergaitik den hain maitatua". Urte hasieran jarritako helburua betetzat eman du soraluzetarrak eta orain urteko azken lasterketara begira dago, Gasteiz-eko triatloia, ironman-erdiko distantzian.
Eneko Llanos eta Ainhoa Murua irabazle
Lasterketako irabazlea Eneko Llanos, triatleta profesionala, izan zen 3:52:26ko denborarekin, irabazten duen 11. Zarauzko triatloia izan zen. Bigarrena Fernando Alarza, 2016ko Rioko joko olinpikoetarako sailkatu den kirolaria, izan zen 3:54:40ko denborarekin ta hirugarren Frances Godoy 3:59:05eko denborarekin. Emakumezkoetan irabazlea Ainhoa Murua, 2016ko Rioko joko olinpikoetarako sailkatu eta hiru olinpiadetan parte hartu duen zarauztarra, izan zen 4:26:24ko denborarekin. Bigarrena Judith Corachan izan zen eta hirugarrena Line Thams.
Sailkapen osoa hemen ikusgai.
Bizikletatik futbolera eta orain; Triatloia
Erik Azulak jubenila zenean egin zituen lehen kilometroak bizikletan, bi urtez. Ondoren futbolean belauna txikitu ostean, Soraluzen bizikletako afizio handia zegoela aprobetxauta (marrazkilo taldea) bizikletari berriz heltzea erabaki zuen. Lehen urte horietan bizikletan ibilaldi batzuk egin zituen eta horrela sortu zitzaion triatloirako afizioa, batez ere, ingurukoen esperientziak bultzatuta. Igeriketa, bizikleta eta korrika, hiru kirolak, uztartzen hasi zen entrenamenduetan eta 2015. urtean bi ironman-erdi egin zituen; Irunea eta Gasteiz. Asko gustatu zitzaion hiru disziplina uztartzen dituen kirola eta probak egiten eta entrenatzen jarraitzea erabaki zuen. 2016. urtean Irunea eta Zarauzko triatloiak egin ditu eta Gasteizko proba dauka begiz jota.
Argzkiak: festak.com