Ehundaka euskaltzale batu dira plazan Euskararen eguna kantuan eta dantzan ospatzera

Erredakzioa 2015ko abe. 3a, 22:53

Euskararen eguna 6 

Erabili, bizi, erabizi. Horixe da Elene Alberdik eta Iosu Elorza euskaltzaleek plaza euskalzalez betea zela irakurri duten mezua. Abesbatzako kideekin batera Oskorriren Euskal Herrian euskaraz abesten eman zaio amaiera ospakizunari. Ikusi Gaizka Azkarateren eta Frantziska Iraolagoitiaren bideoak.

 

Dultzaineroek lagunduta abiatu dira euskaltzalez osatutako bi jende ilara Plaza Zaharrerantz. Kalebarrenen geldialdia egin dute, dultzainak isildu dira eta balkoietatik abesbatzako kideek eta beste zenbait kantuzalek Julio Soto bertsolariak jarritako koplak kantatu dituzte. Ostean, Urrats dantza taldeko dantzariek eta beste hainbat dantzazalek bi ilaren erdian dantza egin dute, soka-dantza berezia. Plazara heldutakoan, bakoitzak suari bere egur zatia bota eta Euskalzaleen Topaguneak zabaldutako manifestua entzun da. Ostean, Euskal Herrian euskaraz kantatu dute abesbatzako kideekin batera, Domentx Uzinek gitarrarekin lagunduta. Fandango, arin arin, tortila eta sagardo artean jarraitu du ospakizunak, sua emendatu den arte.Euskararen eguna 4

Euskararen eguna 3

Euskararen eguna 5

Euskararen eguna 6

Euskararen eguna 1

Euskararen eguna 2

Euskararen eguna 7

KOPLAK 
1)Mundu hau da guztiona
kolorea dariona (bis)
Hizkuntza mundu zati
berezia den bati
zentzu ematen diona (bis)

2)Soraluzen buruz-buru
denon arteko helburu (bis)
Pozez, alaitasunez
eta askatasunez
euskaraz bizi nahi dugu! (bis)

3) Aztu gabe atzo, gero
guk gaur nahi dugu hitz bero (bis)
Aupa! Mingainak blaitu!
Euskarak behar gaitu
egunero-egunero (bis)

4)Lantokian, mahai bueltan
asteroko erosketan (bis)
Indartzeko gehiago
handitasuna dago
une txiki horietan (bis)

5)Ale txiki bat eskatzen
handiagoa eskaintzen (bis)
Izateko desioz
jarraitu ilusioz
kaleak koloreztatzen (bis)

6)Bakoitzak bere esparruan
txingurriaren larruan (bis)
Amets egin, aritu
borrokatu, sentitu
bihotza mingain barruan (bis)

Egilea: Julio Soto (Pil-pileanek moldatuta). 

Doinua: Ia guriak egin du.