Alana Berraondok 25 urte ditu eta Mutriku futbol taldean dihardu. Kirol heziketan eta elikaduran goi mailako zikloko ikasketak egin ditu eta Soraluzeko kiroldegian eta umeekin multikiroletan dihardu lanean. Daiana Ricok 26 urte ditu eta Mutrikuko futbol taldeko jokalaria da. Kirol heziketan goi mailako zikloa eta magisteritza ikasketak egin ditu eta Soraluzeko eta Elgoibarko kiroldegian dihardu lanean.
Noiz hasi zineten futbolean?
A: 10 urterekin hasi nintzen Eibar futbol taldean baina dauzkadan lehen oroitzapenak eskolako jolastokiko partiduetakoak dira.
D: Eskola kirolean 8 urterekin hasi nintzen baina federatu modura 12 urterekin hasi nintzen Bergara futbol taldean. Ahal banu lehenago ere hasiko nintzen.
Umetan bazenuten ametsik?
A: Emakumezkoen Athletic futbol taldean jokatzea. Dena den, urteak aurrera joan ahala konturatzen zara neskentzat oso zaila dela nesken goi mailako futbolean jardutea.
D: Emakumezkoen ligako lehen mailan jokatzea, naiz eta, 18 urterekin konturatu nintzen ezinezkoa nuela maila altuan entrenatu eta lana eta ikasketak uztartzea.
Zein taldetan jokatu duzue orain arteko ibilbidean?
A:Eibar, Elgoibar, Santa Coloma de Gramanet, Soraluze eta Mutriku.
D:Bergara, Betels, Añorga, Sora eta Mutriku.
Zela heldu zarete Mutrikun jokatzera?
A: Daianaren bitartez iritsi nintzen taldera eta egia esan oso gustura nago, taldean Ondarru, Mutriku, Markina eta Soraluzeko neskak gaude. Soraluzetik Nere Atxotegi, Silvia Loscos eta Nere Nievas ere jokatzen dute bertan.
D: Lagunak nituen bertan. Soraluzeko taldea desagertu zenean futbola uztekotan egon nintzen eta hain zuzen ere Mutrikuko lagunei esker jarraitzen dut gaur oraindik ere futbolarekin gozatzen. Taldeko entrenatzailea nire anaia Andoni Rico da.
Futbolean bizitako momenturik gozoena?
A: Eibarren jokatzen 8 urte egin ditut eta oroitzapen gehienak bertakoak dira. Gozoena Eibarrekin kadeteetako liga irabazi genuenekoa dut, Gasteiz Cup taldeari irabazi genion final hura.
D: Nire kasuan momentu pertsonal gogorrak bizi izan nituen momentu batean iritsi nintzen Mutriku futbol taldera eta izugarri lagundu zidaten taldekideek. 2013an Mutrikurekin Gipuzkoako txapeldun egin genuen eta horrek biribildu zuen ordurarteko ibilbidea.
Jokatzen diharduzuenean zer izaten duzue buruan?
A: Oso kontzentratua egoten naiz, gauzak ondo egitea eta irabaztea dut helburu uneoro, oso lehiakorra naiz. Denbora luzean jokatu gabe egon naizenean eta lagunak galdetu didatenean ea futbola faltan botatzen nuen esaten nien faltan botatzen nuena lehiatzea zela.
D: Ahalik eta emaitza onena lortzeko barruan dudan onena ematea izaten dut buruan. Talde batekin fitxa egiten dudanean konpromiso handiz egiten diot aurre denboraldiari.
Posible ikusten duzue Soraluzen emakumezkoen taldea berriz sortzea?
A: Oso garbi daukat baietz eta taldea sortzeko borrokatuko dut. 2016ko maiatza-ekainean espero dut Soraluzetar neska mordoxka bat elkartuko garela helburu horrekin.
D: Nire ustez zaila da herriko jokalari askok kanpoan dihardutelako jokatzen. Nire kasuan ez daukat hain garbi bueltatuko nintzatekeen Mutrikun futbola baino gehiagogatik nago eta pena emango lirake hori uzteak.
Bere garaian Soraluzeko taldean izan zenuten harremana ona izan zen?
A: Oso tratu ona jaso genuen zuzendaritza eta beste taldeen partetik eta giro bikaina zegoen.
D: Berdin, oroitzapen negatibo bakarra partidu guztiak domeketan zirela da (karkarkar).
Herritarren aldetik sentitu zenuten taldearen aldeko babesik?
A: Herriaren aldetik babes handia jaso genuen eta jokalariok gainera horrela sentitu genuen uneoro. Partiduak ikustera jende asko etortzen zen, bonbo eta guzti.
D: Izugarria izan zen gipuzkoako azpi txapeldun egin genuenean udaletxe azpira gerturatu zen herritar guztiak ikustea.
Emakumezkoen futbola behar beste baloratzen dela uste duzue?
A: Ez, asko falta da nesken futbola merezi duen bezela baloratzeko. Erakutsi nahi da baietz, aurrerapausoak eman direla baina errealitatean ez da horrelakorik gertatzen.
D: Ez, nesken eta mutilen lehenengo mailak ikustea besterik ez dago. Barruan zaudenean konturatzen zara benetako egoeraz eta agian kamiseta berriak izango dituzu baina horrek ez du benetan konpondu beharrekoa konpontzen.
Emakumezkoen eta gizonezkoen futbola zertan dira ezberdinak?
A: Neskak eta mutilak gara ezberdinak eta hortaz futbolean jarduteko modua ere bai. Mutilena agresiboagoa da neskena sutilagoa. Biak berdin ikusi nahia da arazoa, behin hori aldatuta ikusleak eta jokalariok gehiago gozatuko genuen.
D: Mutilek indar gehiago dute besterik ez, nesken futbola motelagoa da baldintzak ez direlako egokitzen eta zelaiak egokitu egin beharko liratezkeela uste dut. Nesken entrenamendu batean neurriak egokitu egiten dira eta futbolaren erritmoak abiada handia dauka.
Inoiz izan duzue arazorik gizonezkoekin jokatzeagatik?
A: Niri gertatu izan zait mutil bati irabazi eta mespretxuak entzutea. Umetan ez duzu ulertzen nagusitzearekin batera ikasten zoaz eta denborak bakoitza bere lekuan jartzen du.
D: Niri gertatu izan zait taldeko neska bakarra izatea eta ni hasierako amaikakoan egon eta mutil bat aulkian egoteagatik mehatxuak , taldea usteko eta horrelakoak entzun behar izatea
Emakume nortasuna indartzen laguntzen du kirolak?
A: Nire kasuen beti oso erreza izan da, ez naiz inoiz lotsatuta edo gaizki sentitu etxean oso errez eta natural jarri dizkidatelako gauzak betidanik. Batzutan, hala ere, egoera gogorren aurrean aurkitzen zara eta kirola egin nahiak ematen dizu behar duzun bultzada.
D: Niretzat ere erreza izan da etxeko eta lagunen laguntzarengatik. Eta oztoporenbat izan dudanean nire buruari galdetu izan diot, zergatik ez dut egin behar? Gustuko duzunarengatik borrokatu beharra dagoela uste dut.
Zergatik dira entrenatzaile gehienak gizonezkoak?
A: Ez gaituztelako gai ikusten, hobeto ikusia dago emakumeak gobernatuko dituen gizonezko bat. Neska entrenatzaileak badaude baina bidean dauden oztopoak izugarriak dira gaur egun.
D: Federaziotik datorren zerbait da formakuntza hobea izan arren beti aukeratzen dute gizonezkoa. Eta entrenatzaile emakume bat aukeratuko balute nesken talde bat entrenatzeko izango da, inondik inora mutilen futbol talde bat entrenatzeko. Epaileekin berdin gertatzen da.
Nesken futbolaren etorkizuna nola ikusten duzue?
A: Futbol federazioko goi karguetan dauden pertsona guztiak gizonezkoak dira eta hein handi batean erabakia beraiena da. Hori aldatzen ez den bitartean gauzak bere horretan jarraituko dute.
D: Parekidetasuna lortu beharko litzateke baina oso zaila ikusten dut. Uste dute aurrera pausoak egiten dituztela baina gaur egun emakumeak ginasiora sartzen dituzte eta horren helburua da emakumearen gorputzak gizonezkoen ezaugarriak lortzea. Aldatu beharrekoa ez da emakume futbolariaren gorputza, futbola baizik. Gainera modu honetan nesken futbolak dituen berezitasunak galtzen dira.
Futbolaririk gustokoena?
A: Iniesta.
D: Itziar Gurrutxaga.
Futbolaririk gorrotatuena?
A: Fernando Hierro.
D: Ez daukat.
Zein taldetako jarraitzaileak zarete?
A/D: Erreala.
Goleatzaileak zarete?
A: Bai.
D: Ez, baina pasa den astean korner bat atera eta zuzenean sartu nuen(kar-kar-kar).
Partidu aurreko maniarik?
A: Ez.
D: Beti top eta galtzerdi berdinak erabiltzen ditut.
Erosi dituzuen zapatila garestienak?
A: 40 eurokoak.
D: 100 eurokoak.
Futbola lagatakoan zer?
A: Entrenatzaile izango naiz.
D: Ahal badut, entrenatzaile.