"Biktima guztiak" kontuan hartuko dituen memoriaren alde

Erredakzioa 2015ko aza. 10a, 13:33

Elkarretaratzea

Memoriaren egunaren harira, elkarretaratze isila egin dute gaur eguerdian Plaza Berrian. Elkarretaratzean udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoetako ordezkariek parte hartu dute eta hainbat herritarrek ere bai. Aurrez, alderdi guztien artean adostu dute adierazpena, "biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa" zor zaiela aipatzen duena. Hala ere, oraindik adosteko dago "biktima guztiak" zein diren.    

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk adostu duten udal-adierazpena:

"Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor diegu egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea.
Egindako mina aitortuz eta giza duintasunaren, pertsonaren eta horren ondoriozko giza eskubideen, errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik eta aurretik dagoela onartuz jarriko ditugu etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak eskatzen dituen oinarri sendoak.
Eta guztion artean eraiki behar ditugu oinarri horiek, ez baitago inor soberan. Horregatik, gure herrian bakea, giza-eskubideen kultura eta elkarrenganako errespetuan eta onespenean oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa hartu dugu".

Jaurlaritzaren txostena eta memoria osoaren aldarrikapena

Irailean Eusko Jaurlaritzak Udalari helarazitako txostenak "1960-2010 bitartean Soraluzen bizitzeko eskubidearen aurka gertatutako urraketak" jasotzen ditu. Txosten horretan ETAk tiroz hildako bi herritarren kasuak aipatzen dira: Vicente Soria Blasco (1976ko martxoaren 30ean Ormaetxea torloju lantegiaren ondoan hil zuten tiroz) eta Jose Luis Gomez Solis (1987ko abenduaren 11n Gila tabernatik ateratzen ari zela hil zuten Guardia zibilaren sargentua). 

Asier Heriz eta Iñaki Saezen senide eta lagunek dispertsioak hildako pertsonen memoria jasoko duen "memoria osoa" aldarrikatu zuten irailean egin zituzten oroimen ekitaldietan. Bi herritarrok 2001ean hil ziren auto istripuz, Avilako espetxera bidean zoazela.

Alkateak eta EH Bilduko ordezkariak memoria eta elkarbizitzaren gaian lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute elkarretaratzean.