Mikel Hernandezek irabazi du Mendaroko apustua

Erredakzioa 2015ko urr. 18a, 14:58

Apustua-13

56 minutu behar izan ditu lanak amaitu eta Gantxipixako tontorrera heltzeko. Unai Salegi aurretik joan da aldapako azken metroetan hauspoa bete eta proba bertan behera laga behar izan duen arte. Jokatu dituzten 200 euro eta afaria Mikelendako izango dira. Argazki-bilduma jaso dugu gaur eta editatutako bideoa jasoko dugu bihar.  

Bi apustulariak goizeko 11:15 aldera atera dira korrika Mendaroko udaletxearen atzealdetik. Mikel izan da lehena Lizarpe gainera heltzen, 26 minutu inguruko denboran. Unai Salegi heldu denerako (4 minutu beranduago) Mikelek buelta hartua zuen kanaerdiko enborraren gainean. Aizkoran ordea, espero bezala, mendaroarra nagusitu da eta Mikelek baino lehenago erdibitu du bigarren enborra.

Mendaroarra alde handiarekin abiatu da Gantxipixarako tontorrera bidean eta momentu horretan ikusle gehienek apustua errez irabaziko zuela uste izan dute. Baina Mikelek ez du etsi, gogotsu jarraitu du aizkorarekin kolpeka eta bigarren enborra ebaki duenean pauso mantxoan baina sendo abiatu da aldapan gora. Bidearen erdialdera mendaroarra geldialdiak egiten hasi da eta hirugarrengoan ez du gehiago jaikitzeko indarrik izan. Mikelek aurrera egin du eta tontorrerako metro gutxi falta zirela aurrea hartu dio. Handik aurrerako bidea patxadaz egin ahal izan du.

Mikelek  bi besoak altxatuta eta irripar eginez adierazi du bere poza tontorrera heldu denean. Ondoan zituen anaia eta lagunak besarkatu ditu eta zenbait argazki atera ostean, bidean indarrak berreskuratu ezinik zegoen Una Salegi agurtzera joan da. Mendaroarra minutu batzuek beranduago jeitsi da Lizarpera eta larrialdietako erizainek artatu behar izan dute. Ertzainen patruila bat eta mendiko salbamendukoak ere etorri dira eta ospitalera eraman dute han behar bezalako zainketa eta behaketak egiteko.