Hauteskundeen ostean EAJri eta PSE-EEri egin zion proposamena gogoraraziz hasten da EH Bilduk helarazi digun oharra: "hauteskundeak garbi irabazi ostean EAJ zein PSErekin egindako bileretan esan genien ez genuela nahi bietako batekin pakturik egiterik, bestea kanpoan uzteko. Are gehiago, aukera eman genien hala nahiko balukete alderdi guztien arteko gobernua osatzeko. Ekainaren 13ko plenoan erantzun ziguten, "goitik" etorritako paktu eta erabakien ondorioz Soraluzeko alkatetza bereganatu zutenean. Harrezkero behin eta berriz errepikatu dute ez dela herrian hartutako erabakia izan eta mandatu hori nahi ala nahi ez bete beharrekoa zelako eman zutela pausoa Soraluzen ere".
EH Bilduren proposamena
EH Bilduk dioenez, "abiapuntu horretatik abiatuta" erabaki zuen ekainaren 13ko udalbatzarraren ostean EAJ eta PSE-EEko ordezkariekin hasitako elkarrizketetara "gobernua elkarrekin osatu eta lidergoa konpartitzeko proposamena" eramatea. Proposamen horretan EH Bilduk "udaletxeko lanak 11 zinegotzien artean banatzea eta banaketa hori guztien adostasunez egitea" proposatu zien, eta horrekin batera "alkatetzaren figura ere alderdi guztien artean konpartitzea". Alkatetza "modu rotatorioan" txandakatzeko sistema proposatzen zuen EH Bilduk, alderdi bakoitzak hauteskundeetan lortutako zinegotzi kopuruaren arabera banatuz lau urteko agintaldia. Horren arabera PSE-EEk 2 zinegotzirekin 8,75 hilabetetan izango zuen alkatetza, EAJk 4 zinegotzirekin 17,5 hilabetetan eta EH Bilduk 5 zinegotzirekin 21,75 hilabetetan.
EAJ eta PSE-EEren proposamena
EH Bilduren arabera EAJk eta PSE-EEk "ezezko argi batekin erantzun zioten" proposamenari eta "beste termino" batzuetan kokatutako proposamena egin zien: "Alkarrekin Soraluze guk dinamizatzeko gonbidapena egin ziguten, baina argi esan genien lan hori gure ustez alkatearen lana zela soldatapeko pertsona bera izango delako, ardura hori egoki betetzeko dedikazio handia eskaini behar zaiolako. Horrekin batera, horretan euskara eta parekidetasun batzordeen ardura guk hartzea proposatu ziguten, argi utziz euren "maximoetako" proposamena hori izango zela".
Oposiziora pasatzeko erabakia
EH Bilduren ustez, lanen eta batzordeen ardura banaketa aldez aurretik erabakita izatea ez zen bateragarria bere proposamenarekin: "Lanak guztion adostasunez eta guztion artean banatzea proposatzen genuen guk, eta horren aurrean beraiek egositako proposamena jarri ziguten mahai gainean. Egoera hau ikusita EH Bilduko zinegotziok oposizioan gelditzeko erabakia hartu dugu, ez dugulako inolako borondaterik nabaritu sortutako egoera berbideratzeko eta guztion arteko gobernua osatzeko. Bakoitzak atera beharko ditu bere ondorioak, baina guk ondorioztatzen dugu, "goitik" inposatutako erabaki moduan aurkeztu dena, alderdi horien herriko ordezkari batzuentzat behintzat, erabaki egokia izan dela, publikoki aitortzeko begirunerik izan ez badute ere".
Oharraren amaieran legengintzaldi berrian oposiziotik jarduteko erabakia hartu duela dio EH Bilduk, "aipatutako guztiagatik EHBilduko zinegotziok oposiziora pasako gara, baina gobernuan ez egonagatik ere lanerako gogoz eta grinez beterik ekingo diogu hurrengo lau urteetako ibilbideari".
EAJk eta PSE-EEk ez dute adierazpenik egin eta adierazi dute batzordeak osatzeko udalbatzarrean emango dutela udal batzorde berriaren osaketaren eta irakurketaren berri.