Gotzonen auzia epai zain gelditu da

Erredakzioa 2015ko eka. 17a, 15:16

Libre GotzonAtzo amaitu zen epaiketa eta epaiaren zain gelditu da. Azken saioan Gazte danbadako bideoak ikusi zituzten eta akusazioak (fiskaltzak eta AVTk) eta defentsak euren alegazioak aurkeztu zituzten. Akusazioak 18 hilabetetik bi urtera arteko gartzela-zigorrak eskatu ditu auzipetuendako -Gotzonen kasuan 2 urte- eta defentsak berriz absoluzioa eskatu du, argudiatuz egozten zaizkion delituak ez direla delitu.

Fiskalak Ertzaintza eta Guardia zibilaren atestatuetan oinarrituta, Ernai sortu aurretik auzipetuetako batzuk ilegalizatutako erakunde baten zuzendaritzako kide zirela eta gazteen akanpadan terrorismoa goratzeko asmoa izatea egotzi die.

Akusazioak bere hitzaldian "terrorismoa goratu izana" egozten dio Gotzoni; agur eta ohore esateagatik Xabier Lopez Peña aiptauz -gartzelan hilda azaldu zen ETAko buruzagia- krabelin gorria eskuetan zuela , bereau preso politiko moduan izendatzeagatik, hitzaldi berean jo ta ke esamoldea erabiltzeagatik eta hitzartzearen ostean eusko gudariak kantatzeagatik. Hori dela eta, 2 urteko gartzela zigorra eskatu du berarentzat.

Defentsaren argudioak
Defentsako abokatuak berriz, defenditu zuen berba horietan terrorismoa goratzeko asmorik ez dagoela. Esamolde horiek bestelako esparru eta momentuetan erabili izanaren adibideak eman zituen: Azcuna Bilboko alkate ohiaren hiletan Agur eta ohore formula erabili izana edo Atleticken partiduetan ohikotasunaz jo ta ke esamoldea erabili izana, besteak beste. Gauza bera esan zuen eusko gudariak kantuaren inguruan.

Preso politiko kontzeptuari dagokionez, gogorarazi zuen Unesco eta Amnistia internazionalek beste hainbat gatazkaren kasuan ere ohikotasunez erabiltzen dutela izendapen hori.

Terrorismoari gorazarre egin izana egozteari dagokionez, itzulpenik egin ez izana eta Espainiako zigor kodeak halakorik egozteko exigitzen dituen berba zehatzik ez dagoela adierazi zuen, preso hildako pertsona baten senideei babesa adierazteaz eta espetxe politika salatzeaz gain hitzaldiak iraun zuen 18 minutuetan esandako beste kontu guztiak gazteen bizi-baldintza sozioekonomiko eta politikoen ingurukoak izan zirela argudiatuz. Terrorismoari gorazarre egin zitzaion testuingurua izan zela egozteko argudiorik ez zegoela ere adierazi du; hitzaldiaren itzulpenik ez dagoelako eta aurrez esandako esaldiek ez dutelako inolako loturarik Gotzoni egozten zaionarekin.

Epaiari dagokionez, Gotzonek adierazi digu abokatuak "kontua patxadaz" hartzeko ohartarazi diela auzipetuei, luze joango dela iradokiz.

 

Informazio gehiago:

http://topatu.info/fiskalak-topatu-eta-ernaiko-kideen-aurkako-zigor-eskaerak-mantendu-ditu/

http://eh.lahaine.org/termina-el-juicio-a-9aklibre