EAJ eta PSE-EEko ordezkariek Plaentxia.eus-i adierazi diotenez, oraingoz ez dakite "ezer", euren artean ere ez dute "kontu honetaz berbarik egin", eta alderdietatik helaraziko dizkieten irizpideen zain daude. Bitartean EH Bilduren ordezkaritzak, hauteskundeetan bozka gehien jaso duen alderdiak egin ohi duen moduan, gainerako alderdiekin bilerak egiten dihardu. Unai Larreategik adierazi digunez "kanpainan iragarri genuen irizpideari jarraituz, udaletxean ordezkaritza lortu duten indar politiko guztiekin batuko gara gure aldetik legegintzaldiari begira dugun elkarlanerako borondatea erakutsi eta alkatetzarako izendapenaren inguruan lortu litekeen babesik handiena lortzeko ahaleginean". EH Bilduko ordezkaritza atzo batu zen PSE-EErekin Herriko etxean eta gaur batuko dira EAJrekin Batzokian.
EAJ eta PSE-EE-ren buruzagitzak EAE eta Gipuzkoa mailan lantzen diharduten negoziazioetan, oraingoz ez dute argitu EH Bildu nagusitu den herrietan zela jokatuko duten. Alkatetza lortzeko koalizioa osatuko duten ala ez. Beraz, oraingoz, argitu gabeko inkognita izaten jarraitzen du hurrengo alkatea zein izango den. Hori bai, beranduenera, ekainaren 13an alkatea izendatzeko eta udalbatzar berria izendatzeko udaletxean egingo den bilkura irekian argituko da dena.
Hauteskundeetako balorazioak
Hauek dira alderdiek hauteskundeetako emaitzen inguruan helarazi dizkiguten balorazioak:
EH Bildu
"Soraluzen lortu ditugun emaitzekin oso gustora gaude. Balore handiagoa dauka gainera atzo lortutakoak ikusita Gipuzkoa mailan zer gertatu den. Herritarrek argi adierazi dute orain arteko bidean jarraitzearen aldekoak direla eta gure partetik ahaleginduko gara herritarrek emandako konfiantza hori ahalik eta egokien kudeatzen".
EAJ
"Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu gugan konfidantza ipini duten 615 Soraluzetarrei. Mila esker!
Bestalde, zorionak EH Bilduren zerrendaburua den Unai Larreategiri, bera izan baita, hauteskundeak irabazi dituena herrian. Emaitzak aztertzen baditugu ikus dezakegu orain dela 4 urteko argazki bera dugula herrian. Espero dugu, Udaletxean ordezkaritza lortu dugun alderdiok emaitza hauek behar bezala kudeatzen jakitzea soraluzetarren mesedetan".
PSE-EE
Kontuan hartuta udal hauteskunde hauetako Soraluzeko errolda 2011koa baino txikiagoa izan dela, bozka baliagarrien kopurua ere txikiagoa izan dela 2011koa baino (2.151 bozka baliagarri 2011n eta 1.980 bozka 2015ean) eta abstentzioa handiagoa izan dela 2011n baino (%32,65 2011n eta %34,98 2015ean), maiatzaren 24an Soraluzeko PSE-EEk jasotako emaitzen balorazio positiboa egiten dugu.
Euren bozka eman diguten 349 plaentxiatarrei esker, gure bi zinegotziak mantenduko ditugu eta inongo alderdik gehiengo absoluturik ez duen udaletxe batean, etorkizuneko erabakietan eragiteko eta erabakior izateko gaitasuna eman digute. Eskertzen dugu 349 pertsona horien konfidantza eta zin egiten diegu, aurreko legealdian egin dugun moduan, lanean eta ekarpenak egiten jarraituko dugula Soraluzek aurrera egin dezan".
PP
"Herritarrek eman dute euren botua eta herritarrek beti dute arrazoi. Onartzen dut hauteskunde hauetan izan dugun frakasoa eta lanean jarraituko dugu Soraluzen Alderdi popularraren balore eta printzipioak etorkizunean ere ordezkatuak izan daitezen".