Ainhoa Azurmendi: “Txikitan ezartzen dizkiguten rolek eragina dute gero kirol bat aukeratzerakoan”

Erredakzioa 2015ko mai. 13a, 12:27

IMG 4005

"Portaera maskulino eta femeninoak argi eta garbi ezberdinduta eta ezarrita dituen sozializazio eremua da kirola", azaldu zuen atzo Ainhoa Azurmendik, zapatuan ospatuko den Kirol egunaren harira antolatutako hitzaldian. Bere ustez, txikitatik ezarritako estereotipoak apurtu behar dira, umeei zertan aritu nahi duten galdetu behar zaie, eta probatzeko aukera eman.

Kulturalki, kolore larroxa eta urdina erabili izan dira eta erabiltzen dira umeen sexua bereizteko, eta Ainhoa Azurmendiren ustez, ez da kasualitatea: “kolore urdina, kolore hotza da, serioa, bortitza… mutilei jaiotzatik gizarteak inposatzen dizkien baloreak identifikatzen ditu; kolore larroxa berriz, kolore beroa da, polita, liraina, sentibera… emakumezkoei ezartzen zaizkien baloreen isla”.

Estereotipook kirolean jarduteko egiten diren hautu eta garapenean eragin zuzena dute. Umeen psikomotrizitatea lantzeko erabiltzen diren jostailuei ere garrantzia handia ematen die Azurmendik: “baloiaren atzetik mugimenduan aritzeak edo panpinarekin jolasean, geldirik, badu eragina ondoren egingo diren hautaketa eta jarreretan. Umeei zertan aritu nahi duten galdetu behar zaie, estereotipoak gainditzeko garrantzitsua baita neskei eta bai mutilei, era guztietako jostailuekin jolasteko aukera ematea”.

Umeek erropa

Oztopoak goi mailako kirolean

Goi mailako kirolarien artean emakumezkoek dituzten oztopoak azaltzeko ikerketa bateko emaitzak azaldu zituen. Ikerketan parte-hartu zuten emakumezkoen %50ak goi mailako ikasketak dituzte, mutilezkoen artean berriz, batek ere ez (%0). Inkestatutako emakumezko guztiek ikasketak izatearen garrantzia azpimarratu dute “baitakite oso zaila dela kirolaz bizi ahal izatea”.

Kirolari izateagatik beka jasotzen duten emakumezkoen %30ak bestelako lanen bat ere badu, gizonezkoen artean berriz, %16ak. Datuok “izebergaren punta” besterik ez direla aipatu zuen Azurmendik, oztopoak eguneroko jardunean errotuago daudela azalduta.

Beirazko sabaia

Emakumeak kiroletik lehenago erretiratzearen zergatiei begiratuta, beraien jarduna garatzeko eskaintzen zaien kalitateari erreparatu behar zaiola aipatu zuen, bestelako faktoreen artean. “Hala ere gizarteak uste du kiroldegietako aretoak emakumez beteta daudela, bai eta egia da, baina gehienak 22 urtetik goragoko emakumezkoak dira; aurretik praktikatutako kirola albo batera laga eta jarduera fisikoa areto itxi eta kontrolatu batean garatzea erabakitzen dutenak”.

Erakundeei erreparatuta, emakumezkoak lehendakaritzara iristen diren kirolak “feminizatuak” izan ohi direla aipatu zuen, eta normalean, gizonezkoz inguratuta aritzen direla; “horrek dakarren bakartasun sentimenduarekin”. “Ordutegi aldetik ere, emakumezkoek zailtasun handiagoak dituzte gizonezkoek baino, bilera orduak jarri edo ordutegi aldetik bilera ez-mugatuak egiteko, eta horrek asko eragiten du zuzendari izatearen jardunean”.

Legeria berria Europatik

Kirolean berdintasuna sustatzeko ekintza estrategia plana onartu du Europar Batasunak. Lege berriak dio emakumeak zuzendaritza hel daitezen baliabideak jarri eta parte-hartze prozesuetan erabakiak hartzeko tresnak garatu behar direla. Emakume entrenatzaileen lana aitortu eta berau sustatzeko oinarriak jarri behar dira, kirol erakundeetan genero ikuspegia landu eta berdintasun politikak garatu behar dira, hedabideetan emakume kirolarien presentzia normalizatzearekin batera.

2013. urtean Biarritzeko emakumezkoen surf txapelketa iragartzeko eginiko bideo sexista jarri zuen adibide moduan saioaren bukaeran, zeinetan, emakumezkoak surfa praktikatzen baino, emakume eder baten gorputza erakusten den.

Bideoaren ondorioz, mundu mailan emakumezko surflarien artean sortu zen haserrea zela eta, 2014. urtean grabatutakoa jarri zuen gero, konparazioa egiteko. Honetan emakumezkoak surfa praktikatzen ageri dira, olatu gainean, egiten dutenarekin gozatzen.

Aholku praktikoak

Kirolaren alorreko langileek genero-ikuspegiaren inguruko prestakuntza izan behar dute, sentsibilizatuta egon behar dute, eta euren gain hartu gizonezkoak eta emakumezkoak motibatzeko ardura eta kezka.

Kirol-jardunak bide eman behar die bizipen onak izateko, euren gorputza eta mugimen-gaitasunak ezagutu eta lantzeko, eta, aldi berean, ondo pasatzeko. Balore eta bizipen onak helarazteak bide onean jarriko ditu gizonezkoak eta emakumezkoak, “gure bizitzan zehar kirolean jarduteak ohitura osasungarriak barneratzen lagunduko digu”.

Azurmendiren ustez aurrerapausoak eman dira baina ez modu ordenatu batean: “benetan berdintasunean hezi eta hazi nahi badugu plangintza eta promozioa beharrezkoa da”. Horretarako, berdintasuna sustatzeko, gida ezberdinak daudela azaldu zuen, "hezitzaile, guraso edota interesa duen edonork erabiltzeko moduan".