Unaik 36 urte ditu eta lizentziatua da ingeniaritza industrialean. Bere ibilbide profesionala Soraluce kooperatiban abiatu bazuen ere, urte luzetan euskalgintzan jardun izan du lanean. Azken urteotan berriz, udaletxeko aholkulari lanetan dihardu. Herrian ezaguna da urte askoan kulturgintzan egin duen lanagatik: musikari, euskal jaien antolatzaile, danborradako zuzendari, eta abar. Soraluzen bizi da eta bi seme-alabaren aita da.
Zela ikusten duzu herria? eta udala?
Soraluze momentu oso interesgarrian dagoela iruditzen zait. Urteetan herritarrek, herriko eragileek eta udaletxeak egin duen lanari eskerrak biziberritzen ari da Soraluze. Bizi-bizirik dago momentuan gure herria, orain bi asteko zapatuari begiratu besterik ez dago: Gure Esku Dagoren ekimena zein arratsaldeko Laskurainen omenaldia diodanaren adierazle dira.
Udaletxea sendo eta ideia argiekin ikusten dut. Urte hauetan lan oso ona egin da ekonomikoki, zorra %66 murriztu da eta inbertsio berrietarako baliabideak lortu dira. Politikoki gaitasuna erakutsi dugu gainerako alderdiekin adostasunak lortzeko. Politika egiteko moduak aldatzeko ere pauso garrantzitsuak eman dira. Alkarrekin Soraluze Eginez prozesua izan da guzti horren adibiderik argiena.
Zein ekimen nagusi proposatzen dituzue datozen lau urteotan garatzeko?
Tokiko garapena eta herriaren berrantolaketa izango dira gure erronka nagusienak.
Enplegu duina sortzeko baserrietan bertako produkzioa indartzen, herriko merkataritza sustatzen eta nola ez, jardun industriala biziberritzen murgilduko gara burubelarri. Herriko eragile sozioekonomikoekin elkarlanean sakonduta egingo dugu lan hau, pertsonak ardatz izango dituen garapen ekonomikoa sustatuz.
Datozen urteetan zaharkiturik gelditu diren Santa Ana-Olea zein SAPAko eremuak biziberritzeak garrantzia berezia izango du guretako. Proiektu hauek herriko aparkamentu gabezia hobetzen lagunduko lukete eta ondorioz, Erregetxe parke publiko bihurtzea ahalbideratuko litzateke. Honetaz gain, adineko pertsona zein gazteei begirako etxebizitza plan integral bat garatzeko aukerak zabalduko lizkiguke. Bukatzeko Sologoenen biribilgune bat egitea, "U" gainean gune estali bat eraikitzea eta Errabal zein Gabolatseko aldapako irisgarritasuna hobetzea lehentasunezko asmoak dira guretako.
Zuek proposatzen duzuen kudeaketa ereduak zein ekarpen egingo lukeela uste duzu?
Erabakiak herriak hartu behar dituela sinesten dugu eta uste dugu aukeratutako zinegotzi zein alkateak erabaki horiek errespetatu eta aurrera eramateko lan egin beharko lukeela. Alkate eta zinegotziek ez dute izan behar herriko erabaki guztiak dituzten pertsonak.
Herritarrari botoa eskatuko diogu boterea herriari itzultzeko borondate osoarekin. Hori da bide bakarra gutxi batzuen mesedetan eraikitako sistema aldatu eta herritarren ongizatea helburu duena eraikitzeko. Kultura, parekidetasuna, ingurugiroa, hezkuntza, enplegua, hirigintza... guzti-guztiak herritarrak zoriontsuagoak izateko perspektiban jorratuz, denon artean lortu dezakegulakoan gaude.
Ikusten duzu aukerarik udal gobernua beste indar politikoren batekin batera osatzeko? Legegintzaldi honetan udal gobernuan bakarrik egonagatik, adostasunak eraiki dira gai garrantzitsuenen inguruan. Datorren legegintzaldian ere bide berdinetik joko dugu, herritar guztiendako eta guztiekin gobernatu nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa izango da udal ordezkaritza dugun alderdi guztiok batera lan egitea. Ez da gure asmoa alderdi batekin paktatzea bestea kanpoan lagatzeko, ez dator bat jorratu nahi dugun elkarlan bidearekin eta ez litzateke izango ona gure herriarendako.
Zure lan taldearen zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Jende prestu eta prestatua dela. Ilusio handiarekin eta lanerako gogoz dagoen lantaldea osatu dugu. Alderdietako estrukturetatik baino herritarrengandik elikatuko den taldea izatea ere garrantzizkoa da nire ustez. Jende ikasia, prestatua izateak ere garrantzia handia du. Udaletxeko jardunean esperientziaduna eta era berean haize berriz freskatua. Oso gustura nago osatutako taldearekin, konfiantza handia ematen dit.
Zergatik erabaki duzu alkatetzara aurkeztea? zein ekarpen egin dezakezula iruditzen zaizu?Herritarrekin batera lan eginez etorkizun hobe bat margotu dezakegula sinesten dudalako aurkeztu dut nire burua. Sinesmen horretatik elikatzen dut gehienbat abentura honetarako beharrezko den gogoa. Herri moduan ditugun erronka estrategikoek ere izugarri motibatzen naute. Ni ahaleginduko naiz daukadan onena ematen, beti ez dut asmatuko, baina borondate onenarekin zintzo eta errespetuz egingo dut lan, hori ziurtatzen dizuet.
MOTZEAN
Gogoangarria zaizun bizipenen bat politikagintzari lotua. Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuan kiroldegian ospatu genuen batzar nagusia.
Erreferentziala den pertsona edo politikariren bat. Momentuan Pepe Mujica Uruguayko presidente ohia.
Politikagintzan oinarrizkoa iruditzen zaizun ideia edo baloreren bat. Politikan zein bizitzan, errespetua.
Zenbat bozka jaso beharko zenituzkete emaitzak "onak" izan direla esateko? 840.
Herrirako helburu eta ekintzen artetik lehentasun bat nabarmendu behar bazenu. Herritarrak bere herriaz harro eta pozik bizitzeko baldintzak eraikitzen laguntzea.