Patriciak 41 urte ditu eta diplomatua Enpresa eta turismo jardueretako teknikari moduan. Gaur egun Eusko Jaurlaritzako talde sozialistaren laguntzaile moduan egiten du lan. Aurretik beste hainbat lanetan jardun duela aipatu digu: au-pair Frantzian, zerbitzari Ingalaterrako jatetxe baten, herriko hainbat tabernatan, supermerkatuko kutxazain, administrari torlojugintzako lantegi batean, Arartekotzan idazkari, Eusko Jaurlaritzako etxebizitza saileko aholkulari... 2007tik Alderdi sozialistaren zinegotzia da herrian. Hizkuntzei dagokienez, gaztelera menderatzen du eta euskara eskoletan dihardu euskararen ahozko erabilera hobetzeko. Ingelesa eta frantsesa ere menderatzen ditu, ahoz. Gaur egun Alegria Dulantzi herrian bizi da, Araban.
Zela ikusten duzu herria? Eta udala?
Plaentxi herri bizia da, batez ere, plaentxitarrak eurak gauzak egiteko eta bizitza sozial eta kulturalean parte hartzeko daukaten gogoari esker. Urteen joanean azpiegitura zein zerbitzuen aldetik hobera egin duen udalerria da, oraindik ere egiteko asko dagoen arren. Bainaren bat jarri behar balitzaio, zalantzarik gabe bertako gune askok erakusten duten itxura eskaxa aipatu beharko genuke, duten zikinkeria eta utzikeriagatik. Horrekin batera, gaur eguneko udal gobernuaren pasibitatearen ondorioz herria pintada eta pankartaz beterik dago, eta nere ustez horrek ez dio asko laguntzen herriari bere erakargarritasuna nabarmentzerako orduan.
Udaletxeari dagokionez, oposizioan izan dudan jardunaren ikuspuntutik, gustatuko litzaidake datorren legegintzaldian indarrak jendeari soluzioak eskaintzeko lanean zentratuko balira eta gutxiago elkarri iraganeko akatsak aurpegiratzen eta propagandarako politika egiten.
Zein ekimen nagusi proposatzen dituzue datozen lau urteotan garatzeko?
Formazio eta enplegu plan bat martxan jartzea arlo honekin zerikusia duten gizarte eragile guztiekiko lankidetzan, enpresa edo autoenplegu egitasmo txikiak bultzatzea mikrokreditu edo abalak eskainiz; etxebizitza plan bat garatzea hutsik dauden etxebizitzak berme guztiekin alokairuan jar daitezen eta gainera gazteak bere kontura bizitzera joatea bultzatu eta errazteko neurriak ezarri daitezen. Beste administrazio batzuekiko elkarlanean alde zaharraren eta ondare arkitektonikoaren eraberritzea sustatzea; baliabide gehiago bideratzea udalerria garbitzeko, mantentze-lanetarako eta kaleko altzariak berritzeko; herriko produktuen ekoizpena eta kontsumoa indartzea: bertako komertzioa bultzatzea; gardentasunaren ataria sortzea edozeinek udaletxeko edozein informazioa kontsultatzeko sarbidea izan dezan; (kontratuak, dirulaguntzak, zinegotzien dietak eta soldatak, eta abar); aurrekontu partehartzaileak ezartzea (prozesu orokor bat eta beste bat berariazkoa gazteentzat) udalaren baliabideen zati handi bat zertara bideratuko den erabakitzeko; etxe-kanporatzeak, pobrezia energetikoa eta umeen pobrezia eragozteko neurriak abiatzea; suteen prebentziorako programa bideratzea adineko edo dependentzia egoeran dauden pertsonen etxebizitzetarako; jarraipena ematea aurreko legealdietan aho batez onartu diren planei: hirigintza eta irisgarritasun planak kasu, eta abar.
Zuek proposatzen duzuen kudeaketa ereduak zein ekarpen egingo lukeela uste duzu?
Gardentasuna kudeaketa publikoan eta interes orokorra interes alderdikoien gainetik jartzea. Guztiendako gobernatzea eta ez bakarrik geureendako eta jardun sozialari lehentasuna ematea ekonomikoaren eta ideologikoaren gainetik.
Ikusten duzu aukerarik udal gobernua beste indar politikoren batekin batera osatzeko?
Bai, baina lor dezakegun edozein hitzarmenen oinarriak jardun soziala lehenetsi eta jendea benetan arduratzen duten eguneroko kezkei erantzun beharko die eta ez alderdi politiko bakoitzaren obsesioei.
Zure lan taldearen zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Topikoa eman dezakeen arren, ilusioa eta gure herriaren alde lan egiteko gogoa, denok daukaguna.
Zergatik erabaki duzu alkatetzara aurkeztea? Zer ekarpen egin dezakezula iruditzen zaizu?
Iruditzen zaidalako politikan egin daitekeen gauzarik politena aldamenekoari laguntzeko aukera izatea dela. Batzuetan politikan dihardugunok perspektiba galtzen dugu eta gehiago kezkatzen gara "politika handiaz" "kaleko politikarekin" baino, eta hori, nere ustez, akats handia da, jendearengandik eta benetako kezketatik urruntzen gaituelako. Egin dezakedan ekarpenari dagokionez, uste dut aportatu dezakedala enpatia, elkarrizketa eta adostasunerako gaitasuna, sektarismo eza eta dedikazio osoa.
MOTZEAN
Gogoangarria zaizun bizipenen bat politikagintzari lotua.
Bere etxebizitzarekin zeukan arazo bat konpontzen lagundu eta gero andre nagusi batek batek helarazi zidan bonboi kaxa. Egiten duzunak izen abizenak dituen norbaiti bizitza errazten diola jakitea da politikan gehien konpentsatzen duena.
Erreferentziala den persona edo politikariren bat.
Ez naiz batere mitomanoa eta hori dela eta, erreferente politiko bat aukeratzekotan, zalantzarik barik, hori neure aita da. Sindikalista eta alderdi sozialistako zinegotzia izan zen Soraluzen, gerta zitekeenarekiko beldurrez inork izan nahi ez zuen garaian. Berarengandik ikasi nuen sozialismo, zintzotasun eta konpromiso hitzek duten esanahia.
Politikagintzan oinarrizkoa iruditzen zaizun ideia edo baloreren bat.
Hiru balore dira politikan oinarrizkoak iruditzen zaizkidanak: zintzotasuna, publikoa denarekiko defentsa egitea aukera berdintasuna bermatzeari begira, eta ezberdinen artean negoziatu eta adostasunetara heltzeko gaitasuna guztion onura bilatzeko.
Zenbat bozka jaso beharko zenituzkete emaitzak "onak" izan direla esateko?
Ez dut uste guri dagokigunik maiatzaren 24an izango ditugun balizko emaitzen inguruko balorazioa egiterik. Asko errespetatzen dugu pertsona bakoitzaren iritzia eta pertsona bakoitza izango da bere bozkarekin oposizioan egiten dihardugun lana baloratu eta egoki irizten duten lekuan kokatuko gaituztenak.
Herrirako helburu eta ekintzen artetik lehentasun bat nabarmendu behar bazenu.
Behar diren neurri guztiak hartzea batez ere gazteei eta 45 urtetik gorakoei eragiten dien langabezia murriztu dadin Soraluzen (Gipuzkoako langabezi-tasarik altuenetakoa dugu). Kalitatezko enplegua sortzeak lehentasunezko zeregina izan behar du gaur egun politikan diharduen edozeinendako, lana izatea oinarrizkoa baita pertsonek euren bizitza-proiektuak garatu ahal izan ditzaten.